Andaluzieraz

Pastor
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Sergio Ramos haserre dugu kazetari batek Gerard Piqueri galdera bat katalanez erantzuteko eskatu diolako Espainiako futbol selekzioaren kontzentrazioan. Piquek espainolezko itzulpena ere egitea nahi ote zuen galdetu dio kazetariari, eta Real Madrilgo jokalaria lehertu egin da: «Ez, erantzun andaluzieraz, gaztelera ulertzea kosta egiten zaio eta». Entzundako kritikak direla eta, txantxetan izan dela azaldu du Sergio Ramosek gero. Broma izan edo ez, espainiar asko esatera ausartzen ez direna esan du kirolariak: «Utzi hizkuntza hori, hizkuntza komuna dugu eta».

Kultura aniztasuna jasan beharreko anomalia baten moduan bizi dute Espainian. Gehienez, toleratu egiten dute, eta hori ere tamainan. Ez dute ulertu nahi haien menpeko lurralde periferikoetan beste hizkuntza batez diharduten hedabideak daudenik, bertako herritarrek euren hizkuntzaz informatuak izateko eskubidea dutenik. Jarri ETB, TV3 edo TVGko kazetariak Espainiako selekzioaren kontzentrazioan euskaraz, katalanez edo galizieraz dakiten jokalariei hizkuntza horietan erantzuteko eskatzen. Akabo tolerantzia. Espainiera, denon hizkuntza. Ez dute ulertzen Cotlliureko katalan eta Donibane Lohizuneko euskaldun askok ez dakitela espainieraz. Euskal Herriko herritar guztiek ez dakite euskaraz, baina munduko euskaldun guztiek ere ez dakite espainolez. Euskal Herrian euskaraz dakigunok eskubidea dugu informazioa geure hizkuntzaz jasotzeko, espainieraz jakin edo ez.

80ko hamarkadaren hasieran Bartzelonara joan ginen hiru kazetari gazte, Anaitasuna aldizkarian artikulu batzuk idazteko. Eva Serra independentista katalana elkarrizketatu genuen. «Konponbiderik ote du arazo katalanak?», galdetu genion. Serrak zorrotz begiratu zigun: «Arazo katalana? Arazo espainiarra esan nahi duzue, ezta?». Arazo espainiarra da, Espainiak bere muga administratiboen barruko herriak homogeneizatzea lortu ez eta bizikidetza behar bezala egituratzen asmatu ez duelako. Euskaldunok, katalanek eta galegoek ez dugu arazorik elkarren artean. Arazoa Espainiak du gurekin, ezin izan gaituelako asimilatu. Horretan ari da, eta hortik gure kexak. Andaluziako herritar bati ez diozu halako kexarik entzungo. Bestalde, gu kexatzen bagara, biktimista deitzen digute. Euren lurraldean baizik hitz egiten ez den hizkuntzaren egoeraz kezkatzen dena biktimista bada, zer ez da izango munduko bigarren edo hirugarren hizkuntza omen denaren patuagatik negar baten hasten dena, espainiera Kataluniatik desagertzeko zorian dagoela esateko? Horixe egin zuten Luis Aragonesek eta Iker Casillasek zorioneko agiri harekin. Sergio Ramos ere ildo horretan dabil.

Erdaraz jakin arren ingeles, alemaniar edo txinatar bati euren hizkuntzaz aritzea onartzen diote espainiarrek. Estatua dute, estatusa. Aitzitik, ez dute errespetatzen espainiera jakinda ere beste hizkuntza batez hitz egiten duen estatukidea. Ezin dute onartu katalan, euskaldun edo galego batek edonon egitea euren hizkuntzaz. Haien baimena behar dugu. Ez dugu estatu propiorik; ez dugu estatusik.

Katalunia independentea izango den egunean Sergio Ramos ez da haserretuko Piquek eta TV3ko kazetariak katalanez egiten badute, espainieraz jakin arren. Baina bitartean burla egingo diete, digute, betiko argudio kolonialistaz: zergatik egin euskaraz, katalanez edo galegoz, andaluzieraz hain ondo ulertzen badugu elkar?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.