Atxiloketa

Andde Funosas kargurik gabe aske utzi dute

Gaur goizean atxilotu du Frantziako Jendarmeriak Makean.

2010eko apirilaren 13a
13:16
Entzun
Andde Funosas kargurik gabe aske utzi dute, Efe berri agentziak jakinarazi duenez. Funosas gaur goizaldean atxilotu du Frantziako Jendarmeriak Makean (Lapurdi), Eferen arabera Ipar Euskal Herrian gertatutako hainbat erasorekin zerikusia zuelakoan. Haren gurasoen etxea ere miatu dute, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Baionako Jendarmeriaren egoitzan eduki dute atxikita, Eferen arabera.

Aske utzi duten arren, atxiloketa salatzeko elkarretaratzea 19.00etan eginen dute Makean.

Funosasena ez da izan Ipar Euskal Herrian azken aldian egon den atxiloketa bakarra. Martxoaren 30ean zortzi gazte atxilotu zituzten Lapurdin, etxe agentzien eta gune turistikoen kontrako erasoak leporatuta. Haietatik sei kargurik gabe libre utzi zituzten, baina bi -Mattin Oltzomendi eta Peio Hirigoien- espetxeratzeko agindu zuen epaileak.

Apirilaren 3an manifestazio jendetsua egin zen Hazparnen sarekada hori salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.