UDALBATZEN OSAKETA

Andoainen zuri bozkatu zuen zinegotziak EAJren esku utzi du bere kargua

PSE "harrituta" agertu da Juan Kalparsoro fiskalak Andoaingo bozketa ikertuko duelako; Jaurlaritzak ez du delitu zantzurik antzeman. Joseba Egibarrek adierazi du EAJko zerrendako beste batek ordezkatuko duela Andoaingo zinegotzi independentea.  

EAJren udal taldeko hautetsiak, Andoaingo inbestidura saioan. A. CANELLADA / ARP
2015eko ekainaren 16a
20:50
Entzun

Sorpresa izan zen joan den larunbatean Andoaingo udalbatza osatu eta alkatea izendatzerakoan. EAJk eta PSEk akordioa egina bazuten ere, EAJko zinegotzi batek zuri bozkatu zuen, eta, hala, alkatetza EH Bilduko hautagai Ana Karrereren esku utzi. Talde politikoen borondatea "desitxuratu" egin zelakoan, bozketa ikertuko zuela iragarri zuen Juan Kalparsoro Araba, Bizkai eta Gipuzkoako fiskal nagusiak.

Bozkatu eta berehala zabaldu zen EAJren irizpidea jarraitzeari uko egin zion zinegotzia Gregorio Olasagasti independentea izan zela. EAJko Gipuzko Buru Batzarreko iturriek Europa Press agentziari jakinarazi diotenez, Olasagastik EAJren esku utzi du bere zinegotzi kargua.

Joseba Egibar GBBko buruak Euskadi Irratian adierazi duenez, beste zinegotzi bat izendatuko dute Andoainen Olasagastiren tokia har dezan. 

Kalparsorok abiatutako ikerketaren harira, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak esan du Andoaingo bozketan gertatutakoaren atzean arrazoi pertsonalak edo politikoak egon daitezkeela, baina ez zaio iruditu deliturik egin denik. "Sorpresa" azaldu du gaiari "garrantzi neurrigabea" eman zaiola-eta, eta gogorarazi du bozketa sekretua izatea "oso zabaldua" dagoen praktika dela.

Antzera mintzatu da Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia. "Harrituta" agertu da Kalparsorok bozketa ikertzeko asmoaren inguruan: "Fiskaltzaren eta auzitegien ebazpenak errespetatzen ditut, baina harrituta nago fiskalaren jardunari buruz irakurri dudanaz. Ikusiko dugu nola garatzen den ekinbidea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.