Atxiloketa

Andoni Aspiazu ustezko etakidea Espainiaratu eta kartzelara sartu dute

Goizeko bostetan iritsi da Madrilera Mexikotik, eta Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalera eraman du. Soto del Realen espetxeratu dute.

2007ko ekainaren 13a
17:32
Entzun
Andoni Aspiazu (39 urte, Azkoitia) ustezko etakidea atzo atxilotu zuten Mexikoko hiriburuan, gaur Espainiaratu egin dute eta Fernando Grande Marlaska epaileak kartzelara sartu du -Soto del Realen-, baldintzarik gabe, ustezko etakide bat etxean hartzeagatik.



Goizeko bostetan iritsi da Madrilera Aspiazu, hegazkinez, eta Guardia Zibilaren esku utzi dute. Guardia zibilek Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman dute. Honek 2004an hura atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuen, Iñaki Aiensa ustezko etakidea etxean hartzea leporatuta. Grande Marlaska epaileak hartu dio deklarazioa gaur, 14:30ak arte, polizien arrazoia ontzat jo du eta espetxera sartu du euskal herritarra.

Askatasuna erakundeak esan duenez, Aspiazu Espainian izan denetik ez dute inkomunikatu eta tratua "zuzena" izan da.

ETAren finantza sarearekin ere lotu izan dute Aspiazu. Polizia iturrien arabera, azken urteotan Mexikon bizi zen, iheslari gisa.

Mexikoko Migrazio Institutu Nazionalak esan du Aspiazu ez zegoela han modu legezkoan, eta horregatik atzeman zutela. Cuernavacan zela ikusi zutela adierazi dute Institutuko ordezkariek, haren kontrako "salaketa anonimoa" jaso ondotik.

Askatasunak salatu duenez, "inolako prozedura judizialik jarraitu gabe" Espainiaratu dute euskal herritarra. "Ezin dugu ahantzi horrela kanporatuak izan diren pertsonetatik hemezortzik salaketak aurkeztu dituztela torturak pairatzeagatik". Askatasunak "gogor salatu" du Mexiko, "euskal gatazkan inplikatua egon gabe, errepresioan gehien kolaboratu duen estatua delako".

Amnistiaren Aldeko Mugimenduek Andoni askatu, kanporaketarik ez lelopean manifestaziora deitu dute gaurko Azkoitian. Aurrez, 19:30ean batzarra egingo dute plazan.

Aspiazu lehenago ere atxilotu izan dute. 2002n atxilotu zuten lehenengo aldiz, eta orduko hartan bi hilabetez eduki zuten espetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.