GIZARTEA

Andre bat atxilotu dute Irunen, bikotekidea sastakatzea egotzita

Emakumeak poliziei azaldu dienez, gizonezkoak eraso egin dio eztabaidan ari zirela.

2013ko uztailaren 10a
11:22
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak 57 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo arratsaldean Irunen (Gipuzkoa), bikotekideari labanaz eraso egitea leporatuta.

15:30 aldera, andreak berak deitu zien poliziei, ohartaraziz bikotekidea sastakatu zuela eta anbulantzia bat eskatuz. Larrialdi zerbitzuak eta ertzainak joan ziren, eta baieztatu zuten gizonak bizkarrean eta beso batean zauriak zituela. Etxean bertan artatu zuten aurrena, eta Donostia ospitalera eraman zuten gero.

Andreak poliziei adierazi zienez, eztabaidan ari ziren biak. Une batean, gizonak emakumea heldu, astindu eta lurrera bota zuen. Momentu horretan, andreak labana bat hartu eta gizona sastakatu zuen.

Atxilo hartu zuten andrea, eta datozen orduetan deklaratuko du epailearen aurrean. Gizonak genero indarkeriako deliturik egin duen ikertuko dute.

Atxilotu bat Donostian

Donostian, berriz, 41 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak, genero indarkeriako delitu bat egitea leporatuta. Gauerdi aldera, gizon batek Sos Deietara deitu du, poliziak Donostiako Ramon Maria Lili kalera joan zitezela eskatuz. Ertzainak hara joan direnean oldartu egin zaie gizona, eta mehatxu egin dio bikotekideari.

Segurtasun Sailak lekukoak aipatuta jakinarazi duenez, Urumea ibaira erori da bikotekidea, eta zauritu egin da. Suhiltzaileek atera dute errekatik. Erietxean artatu behar izan dute andrea, eta atxilo eraman dute gizona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.