Maria Jaurrieta eta bere semea bizi diren alokairu sozialeko etxebizitzatik egotzi dituzte gaur Ezkaban (Nafarroa). Azaldu du 08:40an jaso duela etxea uzteko abisua, haurra, 7 urtekoa, ikastetxera eramatekotan zenean.
"Hilabete bat ez ordaintzeagatik, 6.500 euroko bermea kendu zidaten", adierazi du. Bost urte zeramatzan alokairu sozialean, alokairuaren %75 ordaintzen aurrena, eta %50 gero.
615 euroko errenta jasotzen du Jaurrietak, eta 470 euroko alokairua ordaintzen zuen. Alokairua kudeatzen duen enpresarekin ados jarri zen, eta kaleratuak izatea saihestu zuen horrela duela hilabete ugari. Abenduaren 14an iraungi zen akordioa, eta Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformako kide Jesus Torresek salatu du enpresak ez duela bilerarik egin nahi izan elkartearekin.