Bilboko Areilza Doktorea eta Simon Bolivar kaleek bat egiten duten lekuan, 60 bat lagun elkartu dira, isilpean, duela bi aste Sopelan (Bizkaia) gertatutako eraso xenofobo bat salatzeko. Suspertu enpresan behar egiten duen emakume bat izan zen biktima. Igande goiza zen; lanera joateko garraio publikoa hartu zuen, eta Sopelako jaietatik etxera bidean zihoan gazte talde batek eraso egin zion. Berehala artatu zuten. Erasotzaileak identifikatu eta salatu egin zituzten. Emakumea gaixoaldian dago, erasoaren ondorioz.
Haren lankideek gogor gaitzetsi dute erasoa. Berriro halakorik ez gertatzeko neurriak eskatu dituzte. Ohartarazi dute jaiak ezin direla izan indarkeria erabiltzeko aitzakia.