Bikotekide edo bikotekide ohien aldetik indarkeria jasaten duten emakumeak babesteko neurriak «protekzionismoan eta paternalismoan» oinarritzen direla salatu zuen atzo Euskal Herriko Bilgune Feministak, Gasteizen eginiko agerraldian. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren harira bihar egingo dituzten mobilizazioetako mezua aurkeztean, indarkeriatik ateratzeko emakumeen jabekuntzan sakondu beharra nabarmendu zuen Miren Arangurenek: «Emakumeon hitzak egun daukana baino indar gehiago hartu beharko luke, subjektu politiko bilakatzeko prozesuaren lehen pausoa baita».
Indarkeria sexistaren aurrean, borondate politikoa 0. Partxeo gehiagorik ez! leloaren bidez, erakunde publikoen jardunak hartu duen norabidea kritikatu du taldeak. Alde batetik, lege esparruaren ikuspegia mugatua dela ekarri du gogora, bikotekide edo bikotekide ohiek eginiko tratu txar kasuetan baino ez direlako babes neurriak aktibatzen. «Bikotekide edo bikotekide ohi heterosexuala ez diren gizonen aldetik indarkeria jasaten duten emakumeentzako laguntzak non daude? Zein legitimitate ematen die legeak emakume horiei?», galdetu du Arangurenek.
Bestetik, azaldu du instituzioetatik heldutako babes neurriek andreen biktimizazioa sustatzen dutela: «Diskurtso biktimizatzaileak ez ditu eraldaketarako gakoak ematen; ahuldu egiten gaitu». Adibide gisa tratu txarrak jasandako andreei jarritako bizkartzain eta kontrazaintzarako ertzain kopuruaren gorakada jarri du. Erakundeen jarreran bertan ikusten du arazoa: «Subjektu pasiboak bagina bezala tratatzen gaituzte, geure burua defendatzeko gaitasunik ez bagenu bezala, zer nahi dugun jakingo ez bagenu bezala».
Era berean, neurrien arteko koordinaziorik ez dagoela esan du, eta Eusko Jaurlaritzak Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzaren bidez abiatutako «leihatila bakarra» ez dela eraginkorra: «Zerbitzuak zentralizatu dira, baina ez koordinatu. Ez dago emakumeen eskura, eta, gainera, ez du kontuan hartzen salaketak leku askotatik jaso daitezkeela, oinarrizko gizarte zerbitzuetatik edo familia medikutik adibidez».
Leihatila hori Herrizaingo Sailaren barruan dagoela ekarri du gogora, gainera. «Poliziaren neurriak eta babesa-kontrola binomioa lehenesten dira, baina, gure ustez, jabekuntzatik abiatu behar da». Izan ere, Bilgune Feministak aldarrikatu duenez, indarkeria egoeratik ateratzeko neurriek «emakumeen protagonismoa, babesa eta eskubideen jabetzea ekarri» behar dute.
Ildo horretan, autodefentsa ezinbesteko tresnatzat jo du Arangurenek, andreen «babesa, autoestimua, konfiantza» sustatzen baitu. Halere, ondorioztatu du aurrera begira helburuak erasook ez gertatzea izan behar duela: «Emakumeon eskubideen aitortza eta bermea helburu duen prebentzio lan handia dugu egiteko».
Lege aurreproiektua hizpide
Indarkeria matxistaren aurkako legea prestatzen ari da Jaurlaritza, baina aurreproiektua kaleratu berritan aurkako iritziak jaso ditu mugimendu feministatik. «Jantzi zaharretan partxe bat gehiago» jartzea besterik ez dela adierazi du Bilgune Feministak. Indarkeriaren kontrako neurriek «Polizia indarren jardunari garrantzia» ematen diotela salatu du Arangurenek, eta, beraz, ez dituela kontuan hartzen hezkuntza, publizitatea, kultura eta bestelako lan esparruak.
Hala, taldearen ustez, aurreproiektuak garrantzi «eskasa» ematen dio prebentzioari, eta, gainera, baliabideak emateko baldintzak gogortzen ditu: «Orain 20.000 biztanletik gorako herriak daude behartuta babes errekurtsoak edukitzera; aurreproiektuak 60.000ra igotzen du muga; hala, laguntzak murrizten ditu».
Andreak babestean haien hitza lehenesteko eskatu dute
Indarkeriaren aurkako neurriek emakumeen jabekuntza sustatu behar dutela berretsi du Bilgune Feministak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu