lehen ERREAKZIOAK

Andres Urrutia (euskaltzainburua): "Euskal kultura eta hizkuntzaren aldetik albiste ezinhobea da"

Berehala hasi dira erreakzioak, bai Twitterren baita hedabideetan ere. Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' (idazlea eta ETAren sortzaileetako bat): "Aro bat pasatu da". Paul Rios (Lokarriko koordinatzailea), Twitterren: “Jaungoikoa! Hau da hau poztasuna! Zorionak guztiei! Merezi genuen”. 

2011ko urriaren 21a
14:55
Entzun

Andres Urrutia (euskaltzainburua): "Gurean dago erronka. Ea galtzailerik eta irabazlerik ez dagoen bide berri honetan. Euskal kultura eta hizkuntzaren aldetik albiste ezinhobea da".

Jon Maia (bertsolaria): "Etorkizuna geure esku dago".

Arantxa Urretabizkaia (idazlea): "Ez da lehen aldia hau entzuten dugula".

Iñaki Anasagasti (EAJ): "Gizartea nekatua zegoen, Poliziaren lana hor egon da eta ETAkoak konturatu dira 800 hildakok ez dutela ezertarako balio. Lehenago gertatu izan balitz askoz hobeto. Herria izan da ETA garaitu duena".

Josep Antoni Duran Lleida (CIU): "ETAren agiria oso pauso garrantzitsua da, baina espero zitekeen Euskal Herrian izan diren azken mugimenduak ikusita. Behin betiko pausoa izatea espero dugu, baina hori ez da jakingo ETAk armak entregatzen dituen arte. Gizarteak ez dio ETAri ezer zor, ETAk asko zor dio gizarteari".

Cayo Lara (IU): "ETAren erabakia albiste handia da, urte askotako sufrimendua amaitzen duena. Gainera, Euskal Herriko eta Espainiako etorkizunarentzat eszenategi berri bat sortzen du. Indar demokratikoen garaipen handi bat da. Alderdi guztiek eta gobernuek egoerak merezi duen neurrian erantzutea espero dut".

Aintzane Ezenarro (Aralar): "Urrats historikoa da. Indarkeria ezak aukera asko irekitzen ditu orain"

Javier Arenas (Andaluziako PPko presidentea): "Albiste ona da. Espero dezagun behin betikoa izatea eta banda armatua sakabanatzea".

Cristina Garmendia (Espainiako Zientzia ministroa): "Espero dut hau behin betikoa izatea. ETAren amaiera gizarte guztiaren garaipena izango da. Euskal herritar bezala emozio handia sentitzen dut, tragedia honek nire haurtzaroa, gaztaroa eta bizitza osoa markatu baitu. Garrantzitsua da ETAren amaiera berifikatzea".

Artur Mas (Generalitateko presidentea): "Amaieraren hasiera da. Nahi duguna da ETAk iragartzea sakabanatu egiten dela eta armak entregatzen dituela".

PSC: "Gatazka armatuaren amaierak ez du ekarriko biktimek sufritutako tragediaren ahanztura. Behin ETAren amaiera baieztatuz gero, demokraziak jakingo du gatazkaren amaierari erantzun egokia ematen".

Borja Semper (PP): "ETAk agirian erabiltzen duen erretorikak nazka ematen du, baina garrantzitsuena da irabazi egin dugula".

Antonio Salva (ETA hildako guardi zibil baten aita): "Ez dut sinistuko armak uzten dituzten arte".

Cristina Matía (Euskadiko Terrorismoaren Biktimen Elkarteko bozeramailea): "Ez du balio handirik, inork ezin baitezake zihurtatu asmoz aldatuko ez dutenik".

Uxue Barkos (Geroa Bai): "Espero dugu Raxoik erantzukizunez jokatzea".

Jose Bono (Espainiako Kongresuko presidentea): "Atzoko kriminalak ez dira pasa gaur heroiak eta errugabeak izatera. ETAren heriotz agiria Espainiako herriak idatzi du, Barne ministroek, poliziak, Guardia Zibilak eta jende onak. Pozik nago, baina tramite batzuk falta dira gaizkia betirako desagertu dadin".

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' (idazlea eta ETAren sortzaileetako bat): "Aro bat pasa da. Giroa orain eta ETA sortu zenean oso ezberdina da".

Andoni Unzalu (Jaurlaritza): "Orain aro berria hasi da. Guztien iritzi politiko eta identitatea onartu behar dugu".

BNG: "ETAren erabakia oso albiste ona da eta garrantzia handiko gertaera historikoa. Orain euskal herritarrek euren etorkizuna erabaki beharko lukete, borondate demokratikoaren muga bakarrarekin. Erabakiak asko lagunduko du Euskal Herriko bizitza sozial eta politikoaren normalizazioan".

Angeles Pedraza (AVTko presidentea): "Agiria antzezlan bat gehiago da, Espainiako Gobernuak, bitartekariak eta ETAk antolatua. Betikoa da, betiko hizkera, damurik gabe eta barkamenik eskatu gabe. Memorian izan behar da terroristek beti gezurra esan dutela. Garaitu egin behar dira, ordainik gabe".

Eduardo Madina (PSOEren diputatua eta ETAren biktima): "Bukatu da. Lortu dugu".

Joseba Zulaika (irakaslea): "Badirudi oraingoan munduak entzungo duela albistea".

Jonan Fernandez (Baketik): "Komunikatuak ez du anbiguotasunerako tarterik uzten, gaur ospakizunerako eguna da".

Anna Simo (ERC): "Iritsi da momentua Estatuak Euskal Herriari eta Kataluniari uzteko euren independentziaren inguruan erabakitzen. Espainiako Estatuak bere marfilgo gaztelua utzi eta osatzen duten nazioetako herritarrei hitz eman behar die. Indarkeriarik gabe, gure etorkizuna erabaki beharko genuke".

Juan Alberto Belloch (Zaragozako alkatea, PSOE): "ETAren erabakia albiste ona da. Baina ETArekin ez da elkarrizketarik izan behar. Soilik elkarrizketa teknikoak onar daitezke armen entregarako".

Salvador Ulaiar (ETAk hildako Etxarri-Aranatzeko alkatearen semea): "ETAk ez du esaten disolbatzen denik, ez ditu armak entregatzen eta etorkizun politikoa tutelatzeko gelditzen da"

Esperanza Aguirre (PP): "Terroristek egindako delituak ez dira ezabatzen gehiago hilko ez dutela esan arren"

Baltasar Garzon (Espainiako epailea): "ETAk erakunde terrorista izaten jarraitzen du"

Patxi Zabaleta (Aralar): "Egun pozgarria da guztiontzat" 

Iñaki Azkuna (Bilboko alkatea): "Orain ETA desagertzea falta da"

Jorge Gimenez (Euskal Editoreen Elkarteko presidentea): "Nire bizitzaren banda sonoretako bat amaitu da"

Joan Herrera (ICV): "ETAren iragarpena aukera historiko bat da. PSOEri eta PPri dei egiten diet bere erreakzioan egoerak eskatzen duen mailan egon daitezela".

Rosa Diez (UPD): "Erresistentzia demokratak ekarri gaitu hona, biktimen esku zabaltasunak eta demokrazia defendatzeak".

Jose Blanco (Espainiako Gobernuko bozeramailea): "Espainiako demokraziak, herritarrek, segurtasun indarrek eta Barne Ministerioak ondo zuzendutako politikak irabazi du bataila".

Txiki Benegas (PSE-EE): "ETAk ez ditu biktimak aipatzen adierazpenean, baina Donostian nazioarteko bitartekariek egin zutena baino argigarriagoa da. Terrorismoaren amaieraren aurrean gaude. Demokratok lortu dugu, askatasunaren alde borrokatu garenok".

Juantxo Lopez de Uralde (Equo), Twitterren: "ETAk indarkeria behin betiko uztea, zalantzarik gabe, albiste handia da. Bakea da bidea".

Miguel Anjel Lujua (Confebask): "Zorionak estortsioan eta mehatxatuta bizi izan diren guztiei. Gizarte guztiari eragin dio terrorismoak. Oraindik bide bat dago, bakea eta askatasuna lortu arte. Baina espero dut etorkizunean egunsenti berri bat biziko dugula".

Carlos Garaikoetxea (Jaurlaritzako lehendakari ohia): "Faktore ezberdinengatik iritsi da. ETA beraren desgaste bat egon da. Ezker abertzalearen aldaketa kontuan hartu behar da. Baita bere buruari dominarik jartzen ez dion jende askoren lan diskretua. Dagoeneko zerbait hitzartuta du Espainiako Gobernuak dendaren atzealdean"".

Gaspar Llamazares (IUko diputatua): "Berri bikaina ETAk terrorismoarekin behin-betiko amaitzea. Gizarteari zorionak emateko eta biktimak gogoratzeko txanda da".

Benjamin Atutxa (PSE): "Aspaldi espero genuen hau. Espero dezagun Benetako IRAren tankerakorik ez sortzea. Euskal gizartea nekaturik zegoen bortizkeriaz. Hondamendia izan da herritarrentzat".

Paul Rios (Lokarriko koordinatzailea): “Jaungoikoa! Hau da hau poztasuna! Zorionak guztiei! Merezi genuen. Orain askoz errazagoa izango da arazo politikoa konpontzea”.

Jon Abril (Aralarreko koordinatzaileorde ohia), Twitterren: "Hainbertze denboran espero izandako albistea etorri da, ETAren bukaera. Zorionak EH. Orain elkarbizitzan sakontzeko garaia da”.

Javier Rojo (Espainiako Senatuaren presidentea): "Irabazi egin diegu. Ezin dugu demokraten batasuna ahuldu. Bide hau demokratok irabazi dugu. Ez da ezker abertzalearen garaipen bat, ezta ETArena ere".

Javier Solana (PSOEko ministro ohia eta NATOko idazkari nagusi ohia): "ETA garaitua polizialki eta juridikoki. Biktimak oroitzen ditut. Orrialde berria. Ondo idatz dezagun".

Ignacio Cosido (PP): "Ez du balio ETAk iragartzea ekimen armatua uzten duela, ez baditu armak entregatzen".

Fabian Laespada (Bakearen Aldeko Koordinakundeko kidea): "Agiriaren amaieran dago espero genuena”.

Mikel Aramendi (nazioartean aditua): "Historikoa adjektiboa oso erabilita dago, baina halako gauzak izaten dira historikoak”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.