Beste lau urtean euskaltzainburu izango da Andres Urrutia (Bilbo, 1954). 2012an hautatu zuten azken aldiz, eta gaur berretsi dute karguan. Osoko bilkura egin dute euskaltzainek —28 euskaltzain oso daude uneotan—, eta han egin dute bozketa.
Jean Haritxelarren ordez hartu zuen kargua Urrutiak, 2004an. Zuzenbidean doktorea da, eta notarioa. 1991n euskaltzain urgazle izendatu zuten, 1997tik da euskaltzain oso.
Azken agintaldian bidelagun izan dituen euskaltzainek ere zuzendaritza taldean jarraituko dute. Honela geratuko da buruzagitza, beraz:
Euskaltzainburua: Andres Urrutia
Buruordea: Xarles Bidegain
Idazkaria: Xabier Kintana
Diruzaina: Sagrario Aleman
Iker sailburua: Adolfo Arejita
Jagon sailburua: Jean Baptiste Coyos
Lau urterako hautatu dutenez zuzendaritza, Euskaltzaindiaren urteurren ekitaldietan buru izango da Urrutia. 2018an 50 urte beteko dira euskara batua sortu zutenetik, eta 2019an mendeurrena ospatuko du Euskaltzaindiak.