Berrueta gogoratzeko ekitaldi jendetsua egin dute, hil zuten lekutik gertu, Donibane auzoko Martin Azpilikueta kalean. Angel Gogoan plataformak deituta.
Berruetaren alargun Mari Carmen Mañasek bere hitzartzean gogoratu du aurreko astean Puerto IIIko espetxean (Espainia) hildako Xabier Rey auzokidea. Eta kartzela berean dagoen Aurken Sola presoaren gutun bat irakurri dute ekitaldian.
Berruetaren irudiarekin batera, Kontxi Sanchizena jarri dute. Berruetaren hilketa salatzeko mobilizazio batean hil zen Sanchiz, Hernanin (Gipuzkoa). Mañasek, halaber, Altsasuko gazteak izan ditu gogoan.
Deialdiarekin bat eginez, Interneteko sare sozialetan mezuak zabaldu dituzte, besteak beste, EH Bilduk eta Nafarroako Ahal Dugu-k. Eta ekitaldian izan dira bi alderdi horietako kideak, Geroa Baikoak eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea. Espainiako Kongresuan EH Bilduko diputatu Oskar Matutek ere hizpide izan du duela 14 urte gertaturikoa; hizlarien tribunatik zuzendu zaie egun ere gobernuan diren PPko kideei.
2004ko martxoaren 11ko atentatuen ondorengo testuinguruan gertatu zen Angel Berruetaren hilketa, martxoaren 13an. Biharamunean egitekoak ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta PPk erabaki zuen atentatua ETAri leporatzea, nahiz eta ordurako frogek seinalatu atzean Al-Qaeda zegoela. Intoxikazio kanpaina haren erdian, Valeriano de la Peña poliziaren emaztea, Pilar Rubio, Berruetaren okindegian sartu zen, eta ETAez zioen kartela eskegi nahi izan zuen. Berruetak ez zion utzi eta ondoren De la Peña aita semeak jaitsi ziren okindegira eta labankadaz eta tiroz hil zuten Berrueta.
2005ean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak Valeriano de la Peña poliziari hogei urteko espetxe zigorra ezarri zion, eta hamabost urtekoa Miguel Jose de la Peña semeari. 2014ko apirilaz geroztik, baina, baldintzapean aske da Miguel Jose de la Peña.