Euskal herria

Angel Berruetari omenaldia egingo diote gaur arratsaldean Iruñean, hilketaren urteurrenean

2004ko martxoaren 13an hil zuten Gurasoak elkarteko kidea, Valeriano de la Peña poliziak eta Miguel Angel semeak, labankadaz eta tiroz.

2012ko martxoaren 13a
17:40
Entzun

Igandean, zortzi urte bete ziren ekintzaile islamistek Madrilgo hainbat trenetan hainbat bonba lehertu zituztenetik, eta atentatu horietako biktimak izan zituzten gogoan Espainiako hiriburuan. Gaur, egun nahasi horietako beste biktima bat gogoratuko dute Iruñean, 19:30ean, Martin Azpilikueta plazan: Angel Berrueta. Berruetaren okindegiaren parean biltzera deitu dute, hura hil izana salatzeko.

Gurasoak elkarteko kidea zen Berrueta, eta 2004ko martxoaren 13an hil zuten, bere okindegian, ETA ez zioen kartel bat paratzeko baimenik eman ez zuelako. Jose Maria Aznarren gobernuak Madrilgo atentatuen ondorengo egunetan ETAri egotzi zion ardura, eta, gaur zortzi urte, Iruñean, Maria Pilar Rubio Berruetaren okindegira sartu zen, aipatutako kartela paratzeko asmoz.

Berruetak kartela ez zela egokia azaldu zion Rubiori; hasieratik ezker abertzaleak adierazi zuen ETAk ez zuela zerikusirik atentatuetan. Ezezkoa jaso ondoren, ordea, haserre igo zen etxera Rubio, eta, handik gutxira, senarrak, Valeriano de la Peña poliziak, eta Miguel Angel semeak labankadaz eta tiroz hil zuten Berrueta. Hamabost eta hogei urteko kartzela zigorra ezarri zieten biei epaiketan, baina kartzelatik irteteko baimenak dituzte 2007tik eta 2009tik.

Otsailean, "egia, justizia eta aitortza" eskatzeko, Angel Gogoan plataforma sortu zuten Iruñean, eta mozio bat ere eraman zuten Iruñeko udalbatzara, hil zuten lekuan plaka bat para zezatela eskatzeko; ez zieten onartu, ordea, eta PSNren jarrera salatu zuten, PPrekin eta UPNrekin bat egiteagatik. "Nire aita inoiz ez didate itzuliko. Halakorik ezin dut eskatu, baina eska dezaket gatazka politikoaren biktima gisa aitortzea", azaldu zuen Aitziber Berruetak, hildakoaren alabak, aurreko astean BERRIAk argitaratu zuen erreportajean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.