ELKARRIZKETA

"Angel herrialde honetan dagoen gatazkaren biktima bat izan da"

Angel Berruetaren hilketaren zortzigarren urteurrenean, haren sendiak eta Angel Gogoan plataforma sortu berriak "egia, aitortza eta ordaina" aldarrikatzen dute (BERRIA egunkarian argitaratutako elkarrizketaren bertsio osoa)

2012ko martxoaren 9a
19:10
Entzun

"Gizartearen zati batek ez du ulertzen Angel biktima bat dela". Angel Berruetaren inguruko erreportajea lantzerakoan Angel Gogoan plataformako kide Patxi Reyk honako gogoeta hau egin dio kazetariari: "Jende horri eskatuko genioke familiaren larruan jartzeko eta aurrez aurre esateko biktima ote den edo ez, eta ezezkoan badaude, izan daitezela gai argudioei eusteko".

Aitziber Berrueta alabak eta haren ama Mari Carmen Mañasek elkarrizketan ororen gainetik Angel Berruetaren memoria aldarrikatu dute, eta edozein polemikari ihes eginez, biktima gisa aitortua izatea aldarrikatzen dute. 

Zer suposatu dute zortzi urteok familiarentzat?
Mari Carmen Mañas: Etengabeko sufrimendu bat izan da... gehien maite genuena kendu egin digutelako. Orduan, sufrimendu bat da, ezin duzulako bizitza egonkor bat berriro berreskuratu. Beti pentsatzen duzu berarekin eta egin ziotenarekin.

Askotan salatu izan duzue zigor bikoitza jaso izan duzuela: Angel galtzeaz gain, mehatxuak jaso izan dituzu, eta Poliziaren aldetik probokazioak ere jasan.
Mari Carmen Mañas: Normalean, Angelen aldeko omenaldietan Polizia egon da inguruetan eta gugandik gertu. Angel hil zen lehen egunetik, mehatxuak jaso izan ditugu, eta, egia esan, modu batera edo bestera mehatxuek jarraitu egin dute. 

Epaiketa egin zen eta espetxe zigorrak jaso zituzten Valeriano de la Peña poliziak eta haren seme Miguel Angelek. Zer dakizue haien egoeraz?
Aitziber Berrueta: Ezer ez. Esaten digute familiari ezin zaiola esan ezer espetxe baimenei buruz. Semea bai ateratzen da baimenekin, baina niri ez didate Auzitegitik deitzen esateko kalean dagoela.

Erakunde ofizialen aldetik, zer tratu jaso du familiak?
Mari Carmen Mañas: Bat ere ez. Hil eta egun gutxira, gaitzetsi egin zuten hilketa. Alkate anderearen —Yolanda Barcinaren— aldetik gutun bat jaso genuen eta osoko bilkurak erabaki zuenaren berri ematen zigun gutun horretan. Besterik ez dugu jaso.

Orain, berriz, Iruñeko Udalak beste gutun bat jaso duzue.
Mari Carmen Mañas: Esaten digute babeste gaituztela eta familiarekin daudela. Besterik gabe.

Atzean, benetako jarrera bat ez egoteak min bikoitza eragiten al du?
Mari Carmen Mañas: Bai.
Aitziber Berrueta: Babesten bagaituzte, zergatik ez dira gurekin etorriko larunbatean, 12:30ean? Zergatik ez dira joan urtero egin den omenaldira? Hainbeste elkartasun badago, etor daitezela... Orain jaso dugu gutun hori jaso egin dugu eta kito. Hala ere guk eskatzen duguna ez da aurrera atera udaleko osoko bilkuran.

Zer esaten diozue Angel biktima politiko bat ez dela uste duen jendeari?
Mari Carmen Mañas: Herrialde honetan dagoen gatazkaren biktima bat izan da. Martxoaren 11ko atentatuen ondotik hil egin zuten. Hauteskundeak oso gertu zirenez, PP osoak esan zuen atentatu hura ETAk egin zuela eta herritarrak nekarazi egin zituzten. Ez zitzaien interesatzen esatea zer gertatu zen. Angelek uko egin zion ETA ez zioen kartel bat jartzeari, eta jarraian Estatuaren funtsionari batek hil egin zuen, bere pistola erabiliz. Ez al da biktima bat? Ez al da Estatu terrorismoa?

Egungo garai berrian, biktimez asko hitz egiten, baina batez ere ETAren biktimez. Uste duzu biktima batzuri eta besteei begiratzerakoan neurri desberdina dagoela?  
Aitziber Berrueta: Noski baietz, baina ez dut inoiz biktima horien aurka joko. Oso argi dut. Eurak, nik bezala, biktimak dira. Joko horretan ez gara sartuko, baina argi dago oso modu desberdineak ikusten direla batzuk eta besteak. Hilketa bat izan da, eta sufrimendua, mina, berbera da. Baina nire aitari, gainera, ez zaio biktima gisa aitortzen.

Angel Berruetaren aldeko plataforma bat sortu berri da. Nola ikusten duzue ekimen hori?
Aitziber Berrueta: Aitaren alde egiten den gauza oro ona da familiarentzat. Lagundu egiten gaitu. Amari, adibidez, asko laguntzen diote horrelako gauzek. Hemen ama ondo dagoela ikus daiteke, baina nire ama ez zen lehengo bera. Horregatik, horrelako gauzak ondo datozkio. Gero, jendearen babesa sentitzen duzu. Plataformako kideak gurekin harremanetan daude eta familiak egitea nahi ez duen ezer ez du egiten ez dute egiten. Beti du gure babesa.

Plataformak ekimen bat bultzatu dute Iruñeko udaleko osoko bilkuran. Nola bizi izan du eztabaida hura?
Mari Carmen Mañas: Plataforma arrakasta izaten ari da. Aurrera atera duen orok lorpenak izan ditu, nahiz eta Iruñeko osoko bilkuran islarik ez izan. Atzera bota zuten mozioa, gero beharrezkoak ez zen puntu bat sartu zuen PSNk eta eskatu nahi zenari balioa galduarazi nahi izan zioten. Baina guretzat ez da plataformaren porrota bat, erakundeen porrota baizik. Ez dute ikusi nahi izan zer eskatzen zen.

Memoria, aitortza eta ordaina aldarrikatzen du plataformak.
Mari Carmen Mañas: Jarraitu egin nahi dute eta helburu hori lortu.

Angel ez da oraindik biktima gisa aitortua izan. Zer memoria aldarrikatzen duzue berarentzat?
MCM: Pertsona ona zen, eta gatazkaren biktima izan zen. Gu zeharkako biktima izan gara, eta modu batera edo bestera bizitzen jarraitzen dugu, baina berak dena galdu zuen.

Egoera berri batean gaude, eta zuentzat zer esan nahi luke Gobernuak, Iruñeko Udalak, Angel Berrueta biktima gisa aitortuko balu?
Aitziber Berrueta: Asko esan nahi du. Nire aita inoiz ez didate itzuliko, eta halakorik ezin dut eskatu. Bai eskatu dezaket, eman diezagukeen zerbait. Gatazka politikoaren biktima gisa aitortu behar da.

Eta zer esan nahi luke ordainak?
Aitziber Berrueta: Aitortzen badizute hor duzu ordaina.

Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak aurreko astean esan zuen dauden biktima bakarrak ETArenak direlako. Adierazpen horien aurrean zer diozue?
Aitziber Berrueta: Min egiten dute, baina ez gara joko horretan sartuko. Aurreko egunean, osoko bilkuran, edozein unetan erantzun bat emateko gogoa piztu zitzaidan, baina ez dut egingo. Nire familia ez da zirku politikoan sartuko. Oso argi dut zer gertatu zen nire aitarekin. Esaten dutenak min ematen du, baina ez naiz sartuko.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.