Heriotza

Angel Sukia kardinala hil da

Denbora luzez gaixo egon eta gero gaur hil da Angel Sukia kardinala 89 urterekin Donostian. Angel Sukia Goikoetxea Zaldibian (Gipuzkoa) jaio zen 1916ko urriaren 2an. Gorpua bere jaioterrian lurperatuko zutela uste bazen ere, Madrilen lurperatuko dute. Hileta elizkizunak Madrilgo La Almudena katedralean izango dira larunbatean. Gaur eramango dute gorpua Madrilera eta bihar goiz osoan elizan egongo da. Sukia, 24 urte zituela apaiztu zen 1940ko uztailaren 12an. Alemanian eta Italian egin zituen goi mailako ikasketak eta doktoregoa Erromako Unibertsitate Gregorianoan lortu zuen. Elizako alde kontserbadorean kokatu izan da Sukia.

2006ko uztailaren 13a
18:11
Entzun
Sukia kardinalaren gorpua gaur eramango dute Madrilera eta bihar jarriko dute hilkapera La Almudena katedralean. Bertan egingo dira hileta elizkizunak larunbatean, hilak 15, eguerdiko hamabietan.

Gogo jarduneko hainbat etxetako zuzendaria izan zen Sukia, eta apaiz taldeak zuzendu zituen Euskal Herriko, Galiziako eta Espainiako elizbarruti gehienetan. Kuban, Portugalen eta Mexikon eliztarrentzako ikastaroak ere zuzendu zituen.

Gasteizko seminarioan egin zituen lehen ikasketak. Gero Alemanian eta Italian goi-mailako ikasketak. Errektore izan zen Gasteizko seminarioan 1965 arte. Gotzain izan zen Almeria (1966) eta Malagan (1969), gero Galiziako Santiagoko artzapezpiku (1973) izendatu zuten, eta erretiratu aurreko azken ardura Madrilgo artzapezpikutzarena (1983) izan zuen. 1985ean kardinal izendatu zuen Joan Paulo II.ak. Ondoren 1987an Espainiako Gotzainen Koferentziako presidente izendatu zuten 1993an Elias Yanesek ordezkatu zuen arte. Sukia 1994an erretiratu zen Madrilgo artzapezpiku zela. Erretiratu zenetik oso gutxitan agertu da komunikabideetan. Ez da Erromako Kurian jardundakoa, lan pastorala izan baita bere zeregina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.