Angeluko Herriko Etxeak (Lapurdi) hirigune elkargo bakarraren aurka bozkatuta, aukera horrek 39.184 biztanle batu zituen ezezkoen multzora. Ipar Euskal Herriko udalerri jendetsuenen artean bigarrena da Angelu, eta bozkatu dute jada Baionak —alde— eta Miarritzek —aurka— ere. Biztanle kopuru handienak dituzten udalerriak jada erabakita daudela, hirigune elkargo bakarraren aldeko herriak 36 dira, eta zazpi aurkakoak. 79 behar dituzte gutxienez egitasmoa onartzeko.
Biztanleei dagokienez, 134.047 herritar daude aldekoen multzoan, eta ezezkoenean daudenak baino ia bi bider gehiago dira. Alde bozkatzen duten herriek biztanleria osoaren erdia —295.993 biztanletik 147.997— ordezkatu behar dute gutxienez, eta, beraz, 13.950 herritar falta dira langa hori gainditzeko.
Astelehenean, Angeluz gain, Lehuntze, Makea, Arbona, Larresoro, Berrogaine-Lerüntze, Beskoitze eta Haltsuk bozkatu zuten. Haltsuko datuen faltan eta Angeluren ezezkoa aparte utzita, gainerakoek alde bozkatu zuten.