Euskal eskola publikoek «ikasleen aniztasuna» nabarmenduko dute aurten, sare publikoko ikastetxeen aldeko jaialdian. Festa 21. aldiz egingo dute Zarautzen (Gipuzkoa), ekainaren 10ean. Hilabete horretako aurreneko igandean egin izan da jaialdia, baina, aurten, eskola txikien aldeko jaia egingo dute lehen igandean, Larraulen (Gipuzkoa). Hortaz, eskola publikoen aldekoa astebete atzeratzea erabaki dute antolatzaileek.
Aurtengo jaialdia atzo aurkeztu zuten, Donostian eginiko agerraldi batean. Han izan ziren: besteak beste, Imanol Zubizarreta, Baikara Gipuzkoako Guraso Elkarteen Federazioko koordinatzailea; Usoa Urbieta, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko lehendakaria; Andoni Ibarguren, Zarauzko Orokieta ikastetxeko gurasoa; eta Josebe Zubiri, ikastetxe horretako zuzendaria. Adierazi zutenez, Zarauzko ikastetxe publikoek hala eskatuta erabaki du EHIGEk jaialdia kostaldeko herri horretan ospatzea. Hain zuzen, lau ikastetxe publiko daude Zarautzen: haur eskola, Orokieta eskola, eta Lizardi eta Monte Albertia institutuak. Horiek prestatuko dute festa.
Egitaraua oraindik zehazteko badute ere, jaialdiaren antolatzaileek iragarri dute hondartzaren, malekoiaren, ikastetxeen eta herrigunearen inguruetatik egingo dutelaibilbidea. Azpirik eta Ibargurenek eman dituzte leloaren eta irudiaren gaineko xehetasunak, Orokietako ikasleen ekimenez egin baitituzte. Baleak du protagonismoa aurtengo jaialdiko leloan eta irudian; animalia horietako zazpi ageri dira irudian, eta Bale! Bizi garen seinale izango da leloa. Hain zuzen, balea bat ageri da ikastetxe horren ikurrean. Irudikatu duten balea «bizkorra, alaia eta jai zalea» dela esan dute, eta eskola publikoen sareko ikasleekin alderatu dute: «Lagun asko izango ditu: balea urdina, grisa, Groenlandiakoa... Baina denek dute gustuko gure artean bizitzea, bakoitza bere nortasunarekin, bere berezitasunekin, baina elkarrekin».
Euskal eskola publikoetako ikasleak «denak ezberdinak, bakoitza bere etxekoa, agian herrialde ezberdinetakoak» direla azaldu dute Ibargurenek eta Azpirik, baina «denak batera, gustura» bizi direla gaineratu dute. Horrela, «aniztasunaren aldeko apustua» irudikatu nahi izan dute. 11Berri enpresak egin du irudia. Gainera, Orokieta ikastetxeko gurasoek abesti bat egin dute, Ibargurenek eta Azpirik ezagutarazi dutenez. Xabier Euzkitzek idatzi du abestiaren letra, eta Antton Sarasua eta Itziar Iruretagoiena ari dira musika lantzen.
Hezkuntzaren «bateragune»
Jaialdirako 300 boluntario inguru beharko dituztela adierazi du Zubizarretak. Gainera, azaldu duenez, ez dute helbururik zehaztu bildu beharreko diru kopuruaren inguruan: «Horrek ez gaitu kezkatzen». Zubizarretak argitu duenez, festaren xedea da «euskal eskola publikoaren errealitatea azaleratzea» eta hezkuntza komunitatea osatzen dutenen «bateragune» izatea.
EHIGEren ekimenez egiten da, urtero-urtero, Euskal Eskola Publikoen aldeko jaia. Estreinakoa Lasarte-Oriako hipodromoan (Gipuzkoa) egin zuten. Baikarak, BIGE Bizkaiko Guraso Elkarteen Federazioak, Denon Eskola Arabako Guraso Elkarteen Federazioak, Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundeak eta Ikas-Bi Iparraldeko Eskola Publiko Elebidunetako Gurasoen Elkarteak osatzen dute EHIGE. 500 guraso elkarte inguru eta 340.000 ikasle baino gehiago ordezkatzen ditu.
Aniztasunaren alde egingo dute Euskal Eskola Publikoaren 21. jaian
Zarauzko ikastetxe publikoek antolatuko dute festa, ekainaren 10ean; 'Bale! Bizi garen seinale' izango da leloa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu