Anoetako estadioan iazko abenduaren 29an izandako istiluak Ertzaintzak gazte talde bat identifikatzean eman zien tratu txarragatik hasi zirela salatu du Euskal Selekzioaren Animazio Kolektiboa izeneko futbol zale taldeak.
BERRIAri helarazi dioten idatzi baten bitartez jakinarazi dute hogei lagun inguru zauritu zituela Ertzaintzaren kargak. Hori azaltzeko, zauritutako batzuen argazkiak bildu eta BERRIAri bidali dizkiote. Gainera, argi utzi nahi izan dute partidan zehar zale batzuek piztu zituzten bengalak ez zirela Euskal Selekzioaren jarraitzaile talde "antolatu" baten kontua izan. Eta 1992an Bartzelonan hildako haurraren heriotza ez zela bengala bategatik izan, "itsas-seinaleen pistola baten tiroagatik baizik".
"Hori dela eta, guztiz demagogikoa eta tokiz kanpokoa deritzogu gertakari triste honi egiten ari zaizkion erreferentziak; are gehiago, egun eta berriki ikusi dugunez, arriskutsuago eta hilgarri ere izatera heldu litezkeen zenbait polizia ekipamendu erabiltzen jarraitzen dituzten bitartean, bai futbol zelaietan zein berauetatik kanpo".
ESAITek dio "kalterik handiena" aldarrikapenari egin diotela gertakariek
Bestetik, ESAITeko bozeramaile Martxel Toledok adierazi du gertatutakoak ez diola mesederik egiten Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenari. Areago, "kalterik handiena" aldarrikapenari berari egin zitzaion. Hala adierazi du ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak, gaur goizean eginiko agerraldi batean.
Bengalak eta aulkiak jaurti zituzten zaleen jarrera gaitzetsi du Martxel Toledo ESAITeko ordezkariak: "Ez dugu onartzen jarrera hori". Ertzaintzaren jokabideaz, berriz, Toledok esan du kalte handiagoa eragin zuela. Haren ustez, argi dago segurtasun protokoloek huts egin zutela, baina gaineratu du poliziek huts egite horri emandako "errezeta" ere ez zela egokia izan.
Hausnarketa egiteko eskatu du Toledok.