Anoetako proposamena, epaigelan

Ezker abertzaleak 2004an konponbiderako proposamena egin zuen ekimenean aritu ziren Otegi, Permach eta Alvarez, eta orain epaitu egingo dituzte «terrorismoa goratzea» egotzita.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Euskal politikagintzaren norabide aldaketarako mugarri izan zen Anoetako proposamena akusatuen aulkira eramango dute ekimena plazaratu zeneko seigarren urtea betetzean. Bakerako proposamen gisa hartu zuten Euskal Herriko alderdi eta eragile gehienek 2004ko azaroaren 14an ezker abertzaleak Donostiako Anoeta Belodromoan aurkeztutakoa. Talde abertzaleetatik hasi eta alderdi sozialistaraino, ekarpen baikortzat jo zuten gatazka gainditzeari begirako metodologia ere biltzen zuen txostena. Euskal Herritik kanpo ere, urrats garrantzitsutzat jo zen. Ondoren etorri ziren elkarrizketa eta bake saioen hazia izan zen.

Ezker abertzaleak orain egin duen apustua ezin liteke ulertu orduko urrats hura gabe. Gatazka gainditzeari begirako ekimenek ere, orduan zehaztutako metodologiaren funtsari eusten diote. Orduan ezarri zen, esaterako, konponbiderako negoziazioek bi mahai berezitan lantzeko metodologia: alderdien mahaiak gai politikoei buruzko adostasunak behar dituztela dioena, eta ETA eta estatuek konpondu beharrekoa desmilitarizaziora zein preso eta iheslarien gaira mugatzen duena.

Hala ere, epaitegietara eraman dute euskal politikagintzaren norabidea aldatu zuen ekitaldia. Proposamenaren berri emateko hitza hartu zuten Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez epaitu egingo dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, proposamena egin zeneko seigarren urtemuga betetzen denean, eta konponbiderako prozesu berri baterako aukera Euskal Herriko alderdi politiko eta gizarte eragile gehienen agendan dagoenean.

Azaroaren 11 eta 12an eseriko dituzte akusatuen aulkian ezker abertzaleko hiru buruzagiak, «terrorismoa goratu» izana egotzita. Fiskalak hemezortzina hileko espetxe zigorra eta hamabina urteko inhabilitazioa eskatu ditu hargatik, eta, herri akusazio gisa ari den Ermuko Foroak bina urteko espetxeratzea eta hogeina urteko inhabilitazioa.

Akusazio horrez gain, legez kanpoko bileran parte hartzea, auzitegiek ezarritako badaezpadako neurriak haustea eta desobedientzia egitea ere egotzi zien Ermuko Foroak, eta bosna urteko kartzela zigorra eskatua zuen akusatuentzat. Baina auzitegiak, defentsak aurkeztutako alegazioei arrazoi eman, eta epaiketa ezin zela akusazio horien gainean abiatu ebatzi zuen. Baina akusazioek epaiketan zigor eskaerak aldatzeko aukera dute, eta akusazio horiek guztiak eskatzen saia daiteke Ermuko Foroa.

Otegik azaldu zituen proposamen berriaren xehetasunak Anoetako ekitaldian «olibondoaren adarra eskutan» zuela, bake proposamena egiten ari zela irudikatuta. Aurrez, azken 25 urteetako gertaerak biltzen zituen ikus-entzunekoa ikusi zuten bertan bildutako 15.000 lagunek. Ezker abertzalearen ibilbidearen errepasoa egin, eta gatazkaren ondorioak erakusten ziren bertan: atxiloketak eta hildakoak, besteak beste. Hor ikusi dute delitua akusazioek. ETAko kideen argazkiak erakutsi zirela esan dute akusatuei «terrorismoa goratu» izana egozteko. Ekitaldian bildutakoek ETAren aldeko oihuak egin izana ere badute frogatzat.

Baina, akusatuen defentsa lanetan ari den Jone Goirizelaia abokatuaren hitzetan, horiek bake proposamena aurkeztera mugatu zirenei egozteak ez du ez hanka ez buru. «Posible da pertsona batzuk epaitzea beste batzuek egin dituzten gauzengatik? Horixe da epaiketa honen eztabaida», azaldu dio BERRIAri.

Batetik, presoen eta hildakoen irudiak erakustea bera delitutzat dute akusazioek. «Baina Otegi, Permach eta Alvarez hizlariak izan ziren, ez besterik», ohartarazi du Goirizelaiak. Akusatuek ez zutela ekitaldiaren antolaketan parte hartu frogatzeko, antolatzaile aritu zirenak lekuko gisa eramango ditu ahozko saiora.

Argazki batzuk ikusteko orduan ekitaldian zeudenek ETAren aldeko oihuak egin izana da akusazioaren beste oinarria. «Nire defendatuek ez zuten oihurik egin!», zehaztu du abokatuak. «Beste batzuek esan zituztenengatik zigortu nahi dituzte».

Hortaz, aurrekaririk ez duen epaiketa dela dio halako auzietan eskarmentu handia duenak. «Terrorismoa goratzeko delitua norbaitek ekintza terroristei buruz egindako adierazpenekin lotuta dago, baina hemen ez dago halako adierazpenik; beste batzuek egindakoak egotzi nahi dizkiete».

Zio politikoa

Gauzak horrela, berez, «teknikoki», auzirik ez dagoela dio; oinarririk ez duen epaiketa dela egin nahi dutena: «Akusatuak direnak direlako epaituko dituzte, ez beste ezerengatik». Eta, «egilearen zuzenbidea» ezartzea berez larria izateaz gain, auziaren oinarri politikoa onartezina dela dio. «Berriz ere Justizia epaitegiak ekimen politikoen aurka egiteko erabiltzen ari dira».

Gainera, akusazioek espetxe zigor eskaerak eginda ezker abertzaleko buruzagiak politikagintzatik aldendu nahi dituztela uste du. Otegi preso horrexegatik dutela ohartarazi du. «Eta argi dago ezker abertzaleak konponbiderako egindako apustuaren sustatzailea dela». Beraz, bai Otegi eta bai gatazka elkarrizketa bidez konpontzen saiatzeagatik preso dituzten ezker abertzaleko gainerako kideak askatzeko eskatu du, «prozesua bultzatu eta kudeatzeko kalean egon behar dutelako».



'Orain herria. Orain bakea'

PROPOSAMEN ZEHATZAK

25 urtetako ibilbidearen errepasoa egin ondoren, estrategiaz aldatzeko unea zela ondorioztatu zuen Batasunak. Neurri zehatzak proposatu zituen.

Bakea lehentasun. «Ezker abertzalearen ardura da gatazka politiko eta armatua kaletik atera eta konponbide mahaira eramatea», dio txostenean.

Elkarrizketa eta akordioa. Alde anitzeko prozesua abiatzea proposatu zuen, «gatazka politiko eta armatua gainditu eta eskubide ororen errespetuan oinarritutako eskenatokia» helburu hartuta.

Konpromiso zehatzak. Elkarrizketak abiatzeko zazpi konpromiso hartzeko prestasuna azaldu, eta gauza bera egiteko eskatu zien gainerakoei: sustraiei eutsi eta irtenbide demokratikoa aurkitzekoa; euskal herritarren hitza errespetatzekoa; hitz-emate hori era baketsuan izateko neurriak hartzekoa; pentsaera politiko ezberdinen atxikimendua bilatzekoa; ezberdintasunak «inposaketarik gabe, era baketsuan» konpontzekoa; «esklusiboki bide politiko eta demokratikoak» erabiltzekoa; eta, akordioan, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala zein NBEren Eskubide Zibil eta Politikoen itunak txertatzekoa.

Akordiorako bi mahai. Konponbiderako bi bide bereizi zituen lehen aldiz: Euskal Herriko eragileen akordio politikoa, batetik, zeinak herritarren onespena beharko zuen; bestetik, ETA eta Espainiako zein Frantziako estatuen arteko akordioa desmilitarizazioari, preso eta iheslarien egoerari eta biktimeneiburuz soilik arituko ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.