Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Antiguedad: «Estatu izan nahi dugu, Espainia eta Frantzia diren bezala»

Madrilera Euskal Herriaren nazio izaera aldarrikatzera doala argi utzi du Amaiurrek kanpaina amaitzean

Iñaki Antiguedad, atzo, Amaiurren kanpaina amaierako ekitaldian, Bilboko Plaza Barrian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
«Nazioa gara, Espainia!». Aldarri hori Madrilera eramateko promesaz itxi zuen atzo gauean Amaiurrek Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina, Bilbon. Kongresurako Bizkaiko zerrendaburu Iñaki Antiguedadek ozen eskatu zuen botoa koalizioarentzat, eta irmo azaldu zuen bere helburua: «Madrilen argi esan behar dugu Euskal Herria nazioa dela eta horren aitortza nahi dugula». Eta hurrengo urratsaz ere hitz egin zuen: «Estatuak onak baldin badira Espainia eta Frantziarentzat, zergatik ezin da ona izan euskaldunontzat? Estatu nahi dugu izan, besteak diren bezala».

Independentisten azalean jarri ziren hautagaiak azken ekitaldian. Eta aitortu zuten Espainiako Gorteetarako botoa ematea «mingarria» izan daitekeela. Antiguedadek, ordea, argi utzi nahi izan zuen zertara doazen: «Ez dira gure instituzioak; subiraniston presentziak han iraungitze data du». Rafa Larreina Gipuzkoako zerrendako hautagaiak ere jarrera hori berretsi zuen: «Madrilera goaz, itzuli behar ez izateko».

Beraz, Amaiurren helburua eta abiapuntua Euskal Herria izanda ere geltokietako bat Madril dela esan zuen Antiguedadek. Han, «erabateko subiranotasun politiko eta ekonomikoa» lortu nahi dute, «Espainiak eta Frantziak daukaten bezala». Eta ez da apetazko nahi bat, «beharrizana» baizik, haren hitzetan, krisiari aurre egiteko tresnak «hurbil» edukitzeko: «Etorkizunari aurre egin nahi diogu, hemen, hipotekarik gabe».

Baina gizarte mugimenduen bozgorailu ere izan nahi du Amaiurrek Madrilen. «Zuen borroken eta ametsen batuketa gara», esan zuen Jonathan Martinez Senaturako Bizkaiko zerrendaburuak. Eredugarritzat jo zuen Euskal Herriko gazteen, sindikatuen, feministen borroka, eta aipamen berezia egin zien «tarten bidez suntsiketari aurre» egiten dioten ekologistei: «Gozogintza espetxera joateko arrazoi da, baina tortura doan ateratzen zaie».

Brouard eta Muguruza oroituz

«Azaroaren 20a aipatzean haiek etortzen zaizkigu gogora». Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko militanteak hil zituztela 27 eta 22 urte beteko dira bihar, hurrenez hurren. Urtero bezala, «eurak eta euren ibilbidea» omenduko dituzte, Bilbon: 11:30ean Ametzola plazan, eta 12:00etan Errekalde plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.