25 urte daramatza Antoni Batista kazetariak Katalunian Euskal Herriari buruz informatzen. Denbora horretan informazio iturri izan eta lagun egin dituenengana etorrita, Euskal Herrian dabil, Clack produkzio etxeko talde batekin. Lagun horien testigantzekin Euskal Herriari buruzko dokumental bat grabatzen ari dira, eta gaur goizean BERRIAn izan dira, estimu handian duen Martxelo Otamendi zuzendariari elkarrizketa egiten.
"Euskal Herria gaur egun denari buruzko dokumentala grabatzen ari gara; nondik datorren eta nora doan. Gauza oso esplikatibo bat, eta askotarikoa. Iturrien polifonia; ahalik eta iturri desberdin gehien, poliedrikoa den egoera bat azaltzeko. Laguntasunak ematen duen konfiantzarekin, gertatzen dena kontatzen ari dira iturri horiek. Dokumentala hemendik 25 urtera iraungi gabe egotea da asmoa", dio Batistak berak.
Musikaria ere bada Batista, eta hortik datorkio iturriak deskribatzeko hitza: polifonia. Nolanahi ere, iturri horiei buruzko xehetasunik ez du eman nahi; "pertsona oso garrantzitsuak" direla besterik ez. Bat Otamendi da: "Konplizitate periodistiko handia daukagu, eta laguntasun sakona. Niretzat, Martxelo informazio iturri garrantzitsua izan da egunkari bateko zuzendaria delako, baina ez horregatik bakarrik; niretzat, Martxelo irakasleetako bat da Euskal Herriko gaia lantzeko orduan, gauzak nola landu, gaiak noiz eta nola atera... Konplizitatea daukagu lanbide bera daukagulako eta lagun gisara".
Clack ekoizpen etxeko lagunak dokumentalaren edukia ez ezik irudia ere oso ondo zaintzen ari direla azpimarratu du Batistak: "Hau zinema da". Eta, gainera, pozik dago ohikoa duen kazetaritza lana bakarrik ez duelako egingo: "Soinu banda ere neuk egingo dut".