Antton Troitino eta Iñaki Lerin atxilotu ditu Erresuma Batuko Poliziak, Londresen, Espainiako Poliziarekin koordinatutako operazio batean. ETAko kide izatea egotzita atxilotu dituzte, Espainiako Auzitegi Nazionalak haiek estraditatzeko egindako eskaera bat tarteko. Hain justu, Espainiako Gobernuak eman du atxilotuen nortasunen berri; Scotland Yardek ez zituen haien izenak zabaldu. Ohar motz bat zabaldu zuten, goizeko bostetan bi gizonezko atxilotu zituztela esanez: «Bi gizonezko atxilotu ditugu, Espainian egindako ustezko terrorismo delituekin lotuta». Londresen bertan bi etxebizitza arakatu dituztela ere jakinarazi dute, eta ez dutela armarik topatu.
Espainiako Polizia iaztik zebilen Troitiñoren bila. 24 urte preso egon ostean, libre utzi zuten, eta, bost egun geroago, Parot doktrina gisara ezagutzen den 197/2006 doktrina aplikatu, eta berriz espetxeratu nahi izan zuten, beste sei urterako. Auzitegi Nazionalaren aginduz, hura atxilotzen saiatu ziren, baina ez zuten topatu.
Lerinen bila, berriz, 2007tik ari ziren. Orduan, ETAren Donostia taldearen kontrako polizia operazioa egin zuten. Iruindarra da.
Aste honetako bigarren operazioa da. Asteartean Frantziako Albi herrian bi lagun atxilotu zituzten, eta Poliziaren esku daude oraindik —gaur eramango dituzte epaileen aurrera—. Operazio hura ETAren kontrako «kolpe gogorra» izan zela esan zuen Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, eta atzo ere hitz berberak erabili zituen Troitiñoren eta Lerinen kontrako operazioa definitzean: «Kolpe gogorra izan da ETArentzat». Adierazpen horiek justifikatzeko, gaineratu zuen Troitiñok «harreman zuzena» duela erakunde armatuaren egungo zuzendaritzarekin. Nolanahi ere, honako hau gaineratu zuen: «Gero eta arrain gutxiago dago, eta daudenak oso sakonean daude, ez baitaude aktibo». Berri agentziek iturri antiterroristei erreferentzia eginez gaineratu zuten Troitiño eta Lerin «bizitza normala» egiten saiatzen zirela.
Manifestazioa bihar
Atxiloketak salatzeko, manifestazioa egingo dute gaur, Donostian, EAk, Alternatibak, Aralarrek, ezker abertzaleak, LABek, EILASek eta EHNEk antolatuta, 13:00etan, Intxaurrondon. Atxiloketak eteteko eskatu dute: «Bakea lortzeko urratsak egiteko garaia da».
Antton Troitiño eta Iñaki Lerin atxilotu dituzte Londresen, Espainiak aginduta
Fernandez Diazek esan du ETAn daudenak ez daudela aktibo baina operazioa «kolpe gogorra» izan dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu