Donostiako Aste Nagusia

Antzerki amateurra eta goitibeherak dira aurtengo berrikuntzak

Abuztuaren 9tik 16ra izango da Donostiako Aste Nagusia. Egitarau zabala izango du, eta, hiriaren erdialdean ez ezik, auzoetan ere izango dira ekitaldiak. Orotara, ia 400 ekintza antolatu dituzte jaietarako.

Donostiako Aste Nagusiko egitarauaren aurkezpena, Donostian. BERRIA
2014ko uztailaren 29a
13:58
Entzun

Donostiako Aste Nagusia iristear, gertu daude hura osatuko duten 383 ekitaldiak. Abuztuaren 9tik 16ra bitartean ospatuko dituzte jaiak Gipuzkoako hiriburuan, eta egitarau zabala prestatu dute egun horietarako. Donostiako erdialdean ez ezik, auzoetan ere hainbat jarduera egingo dituzte. Jarduera gehienak kalean izango dira; denetarik egongo da, eta gustu guztientzat: dantza, musika, gastronomia, jolasak, antzerkia, kirola, bertsolariak...

Aurten, Donostiako eragile eta elkarteei egindako deialdia baliatuz, bi berrikuntza nagusi egongo dira. Batetik, goitibeherak egongo dira igandean Miramonen. Han, aurrez izena emandako herritarrek parte hartu ahal izango dute lehenik, eta, ondoren, adituen txanda izango da. Bestalde, antzerki amateurra egingo dute abuztuaren 13 goizean Kursaaleko terrazan.

Urtero bezala, su festek beteko dute gauero Donostiako zerua; aurten 51. su festak izango dira. Gauero egongo dira kontzertuak Saguesen, 23:45ean. Aurten talde hauek joko dute: Ze Esatek, We Are Standard, Urtz, Niña Coyote & Chico Tornado, Soziedad Alkoholika, Duncan Dhu eta JAH 9.

Horrez gain, musika egongo da hiriko hainbat gunetan: besteak beste, Kursaaleko terrazan, Easo plazan eta Bulebarreko kioskoan. Kursaalean kulturarteko gunea egongo da, mundu zabaleko gonbidatuekin, eta azken egunean, 12:00etan, Kursaaleko Zurriola terrazan, Checkpoint gunea irekiko da Palestinaren aldeko elkartasuna erakusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.