Jon Anzaren desagertzea eta heriotza argitzeko asmoz, inkesta parlamentarioa zabaltzea eskatu zuten atzo Baionan familiak, haren abokatuak eta Anza kolektiboak. Anza desagertu zeneko hirugarren urtemuga bete zen egunean zabaldu zuten mezua, haren heriotza argitzeko eskariak eta kasuak eragindako galderek erantzunik gabe segitzen dutelarik. Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeen harira, ikerketari buruzko jarrera argia eskatu diete hautagaiei. «Erantzunak idatziz nahi ditugu, gizarteari jakinarazteko», zehaztu zuen Anais Funosas kolektiboko kideak.
Epailearen prozedura bukatzear dago, eta familiak ez du esperantza handirik. Tolosako Dei Gorteak ez ditu onartu familiak egindako eskariak, alegia, prokuradorea galdekatzea eta familiari Anzaren osasun txostena helaraztea. Kolektiboak dio elementu horiek gabe desagertzearen eta heriotzaren elementuak ez direla argituko. Anza 2009ko apirilaren 18an desagertu zen, Okzitaniako Tolosarako trenean. Osasun zerbitzuek apirilaren 29an hartu zuten, gauerdi aldera, Tolosako karrika jendetsu batean. Maiatzaren 11n zendu zen Anza.
Bi galdera nagusi argitzeko daude oraino, familiaren arabera. Batetik, zer gertatu zen Anza desagerturik egon zen hamar-hamaika egun horietan, eta, bertze alde batetik, erietxean sartu eta hil arte Anzari zer artatze eman zioten. Azken elementu horri doakionez, osasun txostenak argitu beharko luke zein egoeratan zegoen, gorputzak berez sortzen ez dituen substantziarik ote zuen eta zein osasun baldintzatan heldu zen erietxera.
Anza 2009ko maiatzaren 11n hil zen, nor zen argitu gabe, ustez. Alta, autopsiarik ez zioten egin, erietxeak horretarako baimena eskatu arren. Gorpua atxikitzeko agindua jaso zuen erietxeak. Hamar hilabetez atxiki zuten bertan gorpua, lau graduko tenperaturan. Frantziako zein Espainiako arduradun politikoek, berriz, zabaldu zuten Anzak «ETAren diruarekin alde egin» zuela. 2010eko martxoaren 11tik aitzina Anza naturalki hil zela zabaltzen saiatuko zirela erran zuen Funosasek. «Jonek desagerpen politikoa bizi izan du, eta horren poderioz hil zen». Geroztik Frantziako Estatuaren inplikazioa agerian gelditu dela azpimarratu du.
Ordura arte galdera anitz bazeuden, eta ondoren gehiago agertu dira. Desagertzearen eta heriotzaren inguruko galderei prozedurak eragin dituen galderak gehitu zaizkie. «Zergatik atxiki zuten Jon hamar hilabetez Tolosako gorputegian usteltzen? Horren gibelean estatu arrazoia gordetzen da».
Familiak uste du Tolosako epailearen instrukzioak ez duela egingo Anzaren desagertze eta heriotzaren inguruko egia. «Gaur arte inork ez digu azaldu nola ezin izan duten Jon lehenago identifikatu inkesta bat zabalik zelarik; gure galdera guztiak erantzunik gabe daude, eta agintariek mespretxu hutsa adierazi digute, uko eginez gurekin biltzeari», jakinarazi zuen Maixo Pascassio Anzaren lagunak.
Gerra zikinaren susmoa
Anzaren desagertzearen eta heriotzaren gibelean gerra zikinaren itzala dagoela berretsi zuen Funosasek. Gogoratu zuen Anza desagertu zen garaian hainbat preso ohi eta militantek bahiketa, legez kanpoko galdeketak eta tratu txarrak salatu zituztela. Ipar Euskal Herrian ere, Anza desagertu baino lau hilabete lehenago, Joan Mari Mujika iheslariak salatu zuen Espainiako Poliziak Donapaleun (Nafarroa Beherea) bahitu eta galdekatu zuela. Frantziako Poliziak salaketa horren ondorioz egin zuen inkestak frogatu zuen lau telefono espainol zeudela Mujika bahiturik egon zen tokian eta tenorean.
Frantziako justiziari Michele Alliot-Marie galdekatzea eskatu zuen kolektiboak. Anza desagertu zelarik, Frantziako barne ministroa zen, eta Frantzian aritzeko eskumen gehiago eman zizkion Guardia Zibilari. Familiak salaketa ezarri eta aste gutxira, Alliot-Marie Frantziako Justizia ministro izendatu zuten. Desagertzearen eta ikerketaren nondik norakoak azaltzeko funtsezko pertsona dela nabarmendu du kolektiboak.
Prozedura duela bi urte abiatu zuen epaitegiak. Familiak hainbat galdera helarazi zizkion Miriam Viargnes epaileari, baina hark uko egin dio familiarekin biltzeari. 2012ko apirilaren 4andeliberatu zuen ez zituela aztertuko familiaren helegiteak. Galderak erantzunik gabe gelditu dira. 2012ko martxoaren 26an, bi eskaera garrantzitsuenak ezeztatu zituen, Tolosako prokuradorea galdekatzea eta mediku txostena komunikatzea. Aurki, instrukzioa bukatzera doa, eta bide horretatik egia lortzeko esperantza amaitzen ari dela dio familiak.
Anzaren heriotza argitzeko, inkesta parlamentarioa egitea eskatu dute
Legebiltzarrerako hautagaiei inkesta eskariari idatziz erantzuteko eskatu diete, haien erantzunak jakinarazteko ondorenEpaileak ez du onartu Tolosako erietxean egin osasun txostena ematea sendiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu