2010eko martxoan Baionan egindako adierazpenengatik epaitu dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean Jon Enparantza abokatuak. Guardia Zibilak Jon Anzaren heriotzan zerikusia izan zuela salatu zuen orduan, eta Espainiako segurtasun indarrei irain egitea egotzi diote. Orduan adierazitakoen ildotik jo du gaur ere, kasua behar bezala ez ikertzeko bi "esku beltz" egon direla salatuz: Espainiako segurtasun indarrena, eta Frantziarena. Gogora ekarri du, gainera, helegitea jarria dutela Europako Giza Eskubideen Auzitegian.
Enparantzaren defentsak absoluzioa eskatu du, abokatu gisa duen adierazpen askatasuna erabili zuela argudiatuz. Fiskalak, berriz, 5.760 euroko isuna eskatu du. Enparantza espetxean dago urtarriletik, EPPKren bitartekarien aurkako polizia operazioan atxilotu baitzuten.