Myriam Viargues Tolosako (Okzitania, Frantzia) instrukzio epaileak bukatutzat jo du Jon Anzaren heriotzari buruzko ikerketa, Frantziako Zigor Kodearen 175. artikulua aplikatuz. Urriaren 12an jakinarazi zion erabakia familiari. Orain, familiak hiru hilabeteko epea du horren aurkako helegitea ezartzeko. Anartean, epaileak idatziz bildu beharko ditu prozeduran egin ikerketak eta horien ondorioak. Anza Tolosako erietxe batean agertu zen, hilik, 2010eko martxoaren 11n; desagertua zegoelan 2009ko apirilaren 18tik.
Viarguesek ikerketaren ardura hartu zuen 2010eko martxoaren 18an. Familiak 2009ko apirilaren 30ean ezarri zuen salaketa. Hastapenean, Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak hartu zuen ikerketaren ardura. 2010eko martxoaren 11n jakin zen, Anzaren gorpua zela baieztatu zutelarik osasun etxeko arduradunek, osasun zerbitzuek karrikan atzeman zutela 2009ko apirilaren 30ean. Erietxera eraman zuten berehala. Prozedura arazoak aipatuz, Anza identifikatzerik ez zutela izan azaldu zuten. Hala ere, haren gorpua ez erretzeko eta atxikitzeko agindua jaso zuten, horretarako prestaturik ez zegoen gela batean.
Familia beha
Hiru urte luze joan dira Anza desagertu zenetik, eta Viargues familiak ez du familia hartu eta entzun joan den maiatzera arte. Orduan, orain bezala, prozeduran eta ikerketan egon diren huts larri guztiak ikertzeko eskatu zion familiak. Jon Anza ez zen pertsona arrunta, ETAko militantea baizik. Elementu horri behar den garrantzia ez ematea leporatzen dio familiak, ikerketa behar bezala ez burutzearekin batera. Prozedura abiatu zelarik, kasuaren inguruan pausatzen ziren hamaika galdera argitzea zen epailearen eginkizuna. Familiaren iritziz, ez du erantzunik eman.
Familiarekin izandako lehen bilkuran, disfuntzionamenduak ez zituela ikertuko jakinarazi zion epaileak familiari. Alta, Anzaren inguruan elementu ilunak, ardura ezberdinetan errepikatzen diren disfuntzionamenduak eta froga gisa balio zezaketen elementuen desagertzeak baino ez dira gertatu, familiaren iritziz.
Lehenik eta behin, argitu behar da non egon zen Anza Baionatik atera eta Tolosako erietxean agertu arte iragan ziren hamaika egunetan. Horrekin batera, zehaztea zerk eragin zuen Anzaren heriotza. Gorpuari egindako autopsian familiak ez zuen izan presente egoteko aukerarik. Alta, erietxeko zerbitzuek badakite nolako artatzea eman zioten eta zergatik. Argitu behar da, era berean, zergatik ez zuten identifikatu, aldean Baionarako tren txartela ukanik. Gainera, orbainak ikertuz nor zen jakin zezaketela dio familiak. Pasaportea ere objektu galduen bulegoan agertu zen.
Anzaren kasuaren ikerketa bukatutzat jo du epaileak
Anzaren familiak hiru hilabeteko epea du helegitea jartzeko; epaileak bere txostena osatuko du anartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu