Manifestazioa abiatu aurretik mintzatu dira Oskar Matute Alternatibako koordinatzailea, Maribi Ugarteburu Sortuko Bizkaiko koordinatzailea, Rebeka Ubera Aralarreko Antolaketa idazkaria eta Pello Urizar EAko idazkari nagusia. Nabarmendu dute abiatu behar ez ziren epaiketak direla gazte mugimenduaren eta herriko tabernen aurkakoak, eta absoluzioa eskatu dute auzipetuentzat.
Badira bi aste Espainiako Auzitegi Nazionalean 74 euskal herritar epaitzeari ekin ziotenetik: 40 lagun Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita eta beste 34 herriko tabernen bidez ETA finantzatzea leporatuta. Horiez gainera, 110 herriko taberna ere epaitzen ari dira, haien ardura zibila argitzeko.
Jendetza elkartu da abiapuntuan, manifestazioa hasi baino lehenago ere. Joaldunek zabaldu diete bidea manifestariei Kale Nagusian barrena, eta festa giroan egiten ari dira bidea. Bertan hartu dute parte bi sumarioetako auzipetuek, eta, besteak beste, babesa adierazi diete Adolfo Muñoz Txiki eta Ainhoa Etxaide ELA eta LABeko idazkari nagusiek.
Garazi Rodriguezek eta Floren Aoizek hartu dute hitza auzipetu guztien izenean. Gordeta dauden lau gazteak gogoan hartuz hasi dute hitzartzea. "Aurrera egiteko erabakia hartuta daukagu. Eta inongo epaiketak ez du lortuko prestutasun horrekin bukatzerik", esan du Aoizek. Espainia giza eskubideen aurka ari dela uste du: "Nazioartetik halaxe adierazi diete".
Rodriguezek, berriz, errudun direla nabarmendu du, "garai politiko berri bat irekitzearen alde lan egitearen errudun. Arazoa horren aurka doanak dauka".