Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko Azpiegitura ministroak iragarri du Araba eta Espainia lotzen dituen autopista erabiltzea doan izango dela abendutik aurrera. Abalosek El País egunkarian adierazi duenez, Espainiako Gobernuaren jabetzakoak diren autobideak doakoak izango dira horien kontzesioa amaitu eta gobernuaren eskuetara itzultzen direnean. Amaitzen hurrena AP-1 autobide horren kontzesioa izango da, azaroaren 30ean amaituko baita. Armiñonen du azken ordainsaria autopista horrek, eta opor garaien amaieran auto ilara luzeak sortu ohi dira.
Europistas enpresak du azarora arte AP-1 autobidearen kontzesioa zati horretan. Kontzesioen bidez autobideak kudeatzen dituzten enpresen patronalak dio AP-1aren Burgos eta Armiñon arteko zati hori doakoa bihurtzeak 300 milioi euroko kostua izango duela, eta "kolapsatu" egingo dela trafikoa kamioi astunen trafikoa handituko delako. Espainiako Gobernuak doakotasunaren froga egin nahi du Armiñonen, eta horrek ematen duen emaitzaren arabera joango da beste autobideetan ere ordainsariak kentzen.
Bizkaia, Araba eta Nafarroa lotzen dituen AP-68 autobideari ere eragin diezaioke neurriak, Espainiaren jabetzakoa baita hori ere. Kasu horretan, ordea, 2026an amaitzen da kontzesioa eta ez legealdi honetan; ikusteko dago Pedro Sanchezen gobernuak hartuko duen neurri honek hurrengo legealdietan ere jarraipena izango duen. Berez, 2011n amaitu behar zuen kontzesioak baina Jose Maria Aznarrek 2000. urtean 2026ra arte luzatu zuen; Eusko Jaurlaritzak luzapen hori kritikatu zuen.
Doakotasunaren neurri horretatik kanpo geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuaren Euskal Herriko beste autobideak (AP-1 eta AP-8), bi horiek antzeko neurri bat hartzen ez duten bitartean.
Kataluniako eta Valentziako alderdien eskaera
Kataluniako alderdi independentisten aspaldiko eskaera da ordaindariak kentzea, argudiatzen baitute kataluniarrek aspaldi ordaindu zutela autobide horietan egin zen inbertsioa, eta ordainsariek kaltetu egiten dituztela. Compromis Valentziako alderdiak ere eskatu izan du, eta aste honetan bertan galdetu behar zion Abalosi horren inguruan. Espainiako Gobernuaren erabaki hau keinu gisara har daiteke, PDeCATek, ERCk eta Compromisek babesa eman baitzioten Pedro Sanchezek Mariano Rajoy Espainiako Gobernutik botatzeko aurkeztu zuen zentsura mozioari.
Armiñongo autopistaren ondoren, doakotasunaren aldeko neurri honek Herrialde Katalanei zuzenean eragingo die, AP-2 eta AP-7 autobideetako kontzesioak ere datozen urteetan amaituko direlako: Zaragoza eta AP-7aren arteko autobideak 2021eko abuztuan amaituko du kontzesioa, eta AP-7ko hiru zatirenak 2019 eta 2021 urteen artean.