Gipuzkoako Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuko arduradunek egin dute salaketa, agerraldi batean. Han izan dira Larraitz Ugarte diputatua, Joseba Altube Errepide zuzendaria eta Unai Erroitzenea Mugikortasun zuzendaria.
Basagoitiko biltegian falta den lurraren kasua ez dela bakarra esana zuen orain baino lehen aldundiak. Batzar Nagusietako ikerketa batzordean Altubek azaldu zuen enpresek eskatu baino hogei milioi euro gehiago ordaindu zituela Bidegik, 88 diru sail puztuta. Gaur frogak erakutsi ditu diputazioak, Ingeotyc enpresak egindako ikerketa batean oinarrituta.
Denera behar baino 10,3 milioi euro gehiago pagatu zirela azaldu dute —horri gehitu behar zaizkio Basagoitiko kasuaren harira salatutako 3,4 milioiak—. Hauek dira salaketa berriak:
1. Tunel faltsuetako zangak. Tuneletako ahoetan tunel faltsuei eusteko egindako lanak aztertu dituzte. Obra zuzendaritzak esan baino %2.000 gehiago ordaindu zuten. Ikerketaren arabera, denera 8.700 metro kubo egin zituzten, eta pagatu, 170.000. 1,6 milioi euroko gehiegizkoa.
2. Tuneletako ahoen betetze lanak. 101.000 metro kubo agertu ditu ikerketak, baina likidazioan 160.000 pagatu ziren. 170.000 euroko gehiegizkoa.
3. Tuneletako hormigoia. Eraztun eran hormigoia jartzen dute tuneletan. Zenbat dagoen neurtu dute, eta ez dator bat sinatutakoarekin. 0,81 metroko lodiera du, eta likidazioan 1,95 metro dituela ageri da. 3,7 milioko desfasea da.
4. Apotzagako tuneleko luiziak. Ordaindutako lur kopuruak lekuz kanpokoak direla salatu du aldundiak: “Ordaindutako lur kopurua kontuan hartuta, tunel guztia erori zela pentsatu beharko genuke, eta gaur egun tunela egon beharrean lubakia egongo litzateke”. 3.000 metro kubo erori ziren, baina 945.000 erori balira bezala ageri da. Areago, paperak ez datozela bat azaldu du diputazioak: eroriak 189.000 direla diote, baina garraiatuak, 945.000. Dirutan, 2,8 milioikoa da gehiegizkoa.
5. Apotzagako luiziaren betetze lanak. Gehienez 40 metroko altuera du tunelak, eta luziagatik bete beharrekoak 2.300 metro kubo ziren. 189.000 metro kubo bete izan balituzte bezala pagatu zieten enpresei. 1.900 metroko altuerako bi dorre adina. 400.000 euroko okerra.
6. Apotzagako luizietan sartutako hormigoia. Mila tona hormigoi daudela dio ikerketak, baina ia 4.000 tona balira adina ordaindu zuten. 1,6 milioi eurokoa da okerra.
Ugartek “eskandalutzat” jo du, eta “diru publikoa xahutzea” leporatu die aurreko kudeatzaileei. Informazioa epailearen esku utziko dute, kereila zabalduta. Kereilaren oinarria Basagoitiko lur biltegia zen: sinatu baino 900.000 metro kubo lur gutxiago daude; 3,4 milioikoa da ustezko iruzurra. Oraingo salaketa dirutan haren hirukoitza da.
Hiru lagun daude inputatuta: Bidegiko zuzendari tekniko ohia, eta bi enpresatako arduradunak. Ez du inor gehiago akusatu aldundiak.
Egun seinalatuan iritsi da salaketa. Bidegi auzia ikertzeko batzordeak asteartean bozkatu zuen txostena, eta ardura politikoak egotzi zizkien Markel Olano ahaldun nagusiari eta Eneko Goia Bide Azpiegituretako diputatu ohiari. Astelehenean, osoko bilkura dute Batzar Nagusiek, behin betiko ebazpena onartzeko. Ziurra da Olanoren eta Goiaren jarduna gaitzetsiko dutela, EH Bilduren eta PPren botoekin.