AP-1eko Arabako zatia 182 milioi euro kostatu da, eta 60 milioiko gainkostua du

Aldundiak bost edo sei milioi gehiago beharko ditu lanak ordaintzeko, eta zorpetzeko asmoa duela adierazi du

JON REJADO / GASTEIZ
2009ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Eibar-Gasteiz autobideak (AP-1) Araban duen zatia egitea hasieran uste baino 60,8 milioi euro garestiagoa izan da. Etxabarri-Dibina eta Arlaban arteko azpiegituraren behin betiko gastua zehaztu du Arabako Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailak. Errepidea 182,8 milioi euro kostatu da guztira, 2004ko azaroan onartu zen Foru Arauan zehaztu ziren 122 milioi euroen aldean. Hau da, %50 garestiagoa izan da errepidea azken bost urteotan.

AP-1eko Arabako zatien behin betiko kostua jakinarazi du Luis Alberto Zarrabeitia Herri Lan eta Garraio diputatuak. Etxabarri-Dibina eta Luku arteko zatia 33,9 milioi euro kostatu da. Luku eta Arlaban artekoa, 79,8 milioi euro. Eta 41,8 milioi euro ordaindu beharko dizkio Aldundiak Bidegiri, Arlabaneko tunelean egiten ari den lanengatik. 182,8 milioi arteko dirua lurren desjabetzeei eta bestelako alorrei dagokie.

Eibar-Gasteiz autobideak duela urtebete inguru guztiz zabalik egon behar zuen arren, Arabako zatiaren gainkostua eta finantza gastuak izan ziren eztabaidagai nagusia Biltzar Nagusietako Herri Lan Batzordean atzo. PP Aldundian zenean egin zuen kudeaketa kritikatu zuen Zarrabeitiak bertan, hasiera batean 122 milioi eurotan finkatu zuelako aurrekontua. «Kopurua zehazteko ez zuen hitz egin ez teknikoekin ez eta AP-1eko Arabako lanez arduratzen den enpresarekin (Vias)».

Finantzaketari dagokionez, Aldundiak 90 milioi euroko eta 12 milioi euroko kredituak eskatu ditu lanak hasi zirenetik hona. Ordea, oraindik bost eta sei milioi euro artean beharko ditu lanak ordaintzeko. Aldundiak oraindik ez du erabaki nola egingo zaion aurre horri. «Falta zaigun dirua nola lortuko dugun ez dugu zehaztu, baina ez dio Sailaren lanari kalte egingo, egiten dugun aukeraketa egiten dugula ere». Zorpetzearen alde egin dezaketela onartu du Zarrabeitiak.

Finantza eredu «propioa»

Lanei aurre egiteko PPk onartu zuen finantza eredua kritikatu du Unai Grajales Vias enpresako zuzendari nagusiak. Proyect Finance delako eredua buruan izan zuten hasiera batean; Grajalesek azaldutakoaren arabera, eredu horretan obretan duten ardura bere gain hartzen dute Administrazioak, finantzatzen dutenek eta enpresek, eta eraginkortasun handia lortzen da horrela. Arabako eredua «berezkoa» dela adierazi du, Administrazioaren gain gelditzen baita atzerapenek edo bestelako arazoek ekar dezaketen garestitzea. «2005ean zehaztu zen finantzaketa ereduan, Aldundiak baino ez du arriskatzen», azaldu du.

Eibar-Gasteiz autobidearen atzerapenek izan duten eragin ekonomikoa agerikoa da. Zarrabeitiak jakinarazi duenez, legegintzaldi honetan eskatutako 12 milioi euroko kreditua neurri batean horri aurre egiteko izan da.

Bide batez, Grajalesek nabarmendu du oraindik ez dela unea Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Arlabaneko tunelaren atzerapenek eragindako kalteen ordaina zehazteko. Gipuzkoan eraikuntza lanetan ari dira oraindik, eta udaberrirako espero dute errepidea zabaltzea. Irekitzen denean, horri buruz hitz egingo dutela adierazi zuen, Aldundien arteko hitzarmenean kalte-ordainak zehatz baitaitezke.



42 milioi gehiago eskatu dizkiote Aldundiari lanak egin dituzten enpresek

Lanak administrazioak esan duena baino garestiagoak direla diote; datozen egunetan aztertuko dira eskaerak
J.R. Gasteiz

Eibar-Gasteiz autobidearen Arabako zatiko lanak egin dituzten enpresak ez daude ados Arabako Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailak zehaztu duen lanen balioarekin. Enpresen ustez, 42,4 milioi euro gehiago balio dute azken urtetan egin dituzten lanek -horren arabera, autobidearen balioa 225,2 milioira helduko litzateke-, eta kopuru hori eskatu diote Aldundiari.

Datozen egunetan aztertuko ditu Arabako Foru Aldundiak enpresen eskaerak, eta aintzat hartuko dituen edo ez jakinaraziko die enpresei. Hartzen den erabakiarekin ez balira ados egongo, administrazioarekiko auzi-prozesua hasteko aukera dute, beste batzuen artean.

Hortaz, oraindik denbora dago AP-1eko Arabako zatiaren lanak bukatzeko. Lanen azken ziurtapenaren berri eman zuen atzo Aldundiak, baina akordioa egiten den arte ezin izango da azken pausoa eman; kitapena, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.