AP-1eko Arabako zatiak 25 milioiko gainkostua duela dio Aldundiak

Neguaren ostean Etxabarri Dibina eta Luku arteko zatia bidesaririk gabe irekitzea aztertzen ari dira

Jon Rejado.
2007ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Eibar-Gasteiz autobideak (AP-1) Araban duen zatia egitea 25 milioi euro inguru garestiagoa izango da. Hori aurreratu zuen Luis Zarrabeitia Arabako Foru Aldundiko Herrilan eta Garraio diputatuak Arabako Batzar Nagusietako batzordean. 2004ko Foru Arauak 122 milioi euroko aurrekontua zehaztu zuen lan horietarako, eta, gaur egun, 147 milioiko inbertsio aurreikuspena dagoela jakinarazi zuen Zarrabeitiak. Datu horiek biltze «hutsetik» hasi behar izan duela azaldu zuen Zarrabeitiak, aurreko gobernuak, PPkoak, «jarraipen egokia» egin ez zuelako.

Hiru data zehatz azpimarratu zituen Zarrabeitiak Etxabarri Dibina eta Arlaban arteko 14,2 kilometroen lanen gainkostua azaltzeko. 2004ko otsailaren 18an Foru Araua aipatu zuen lehenengoz, orduan onartu baitzen lanak egiteko 122 milioi euroko aurrekontua. 2005. urteko abenduaren 22an Arabako Foru Aldundiak 130,4 milioi euro eskatu zizkien finantza erakundeei lanak finantzatzeko. 2007ko urriaren 31a aipatu zuen azkenekoz, atzo jakinarazi baitzuen Aldundiak inbertsioaren kopuru gaurkotua, 147,6 milioi euro.

AP-1 autobideak izango duen gainkostuaren berri emanez inolako «polemikarik» sortu nahi ez dutela aurreratu zuen Zarrabeitiak, egoeraren«oinordekoak» direla azaldu arren. Ordea, aurreko gobernuari informazioaren jarraipen gaurkotua egin ez izana leporatu zion.

Marta Alaña PPko biltzarkideak Zarrabeitiak aurkeztutako gainkostua «hiritarrak nahasteko helburua» dutela adierazi zuen batzordean. Herrilan eta Garraio diputatuak zehaztu zituen daten artean lanen lizitazioa ez egotea kritikatu zuen. Lizitazioan zehaztutako inbertsioaren eta Arabako Foru Aldundiak atzo aurreikusi zituenen artean 6,7 milioi euro inguruko aldea baino ez dagoela azpimarratu zuen.



GAINKOSTU BIKOITZA, BIDERATUTA. Aldundiak zehaztu duen gainkostuari Gipuzkoako lanetan egongo den atzerapenak eragingo duena gehitu behar zaio. Aldundiak kreditua eskatu zien hamaikafinantza erakunderi, eta kreditu hori autobidearen bidesariekin eta gasolindegietan eta zerbitzu gunean irabazitakoekin ordaindu nahi zuen. Hilabetean 465.000 euroko kostua eragingo du atzerapenak Arabako Foru Aldundiarentzat, Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusiak jakinarazi bezala.

Gainkostu horri aurre egiteko bi bide ditu Aldundiak. Alde batetik Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilerak egin ditu Arlabango tunelaren atzerapenak eragingo duen zama ekonomikoari aurre egiteko. «Proposamen zehatzak daude dagoeneko», jakinarazi zuen Zarrabeitiak, horien nondik norakoakazaldu ez zituen arren. Aldundien arteko kontaktuak Xabier Agirrek berak azaldu ditu: «Formula bat hitzartzea da helburua Arabako Foru Aldundiak atzerapenak dakarren gainkostuari bakarrik aurre egin ez diezaion».

Bigarren bideak finantza erakundeekin kreditua handitzeko eta berriro negoziatzeko helburua du. « 90,5 milioi euroko maileguaren baldintzak birnegoziatzen ari gara, batez ere Vital Kutxarekin», argitu du Agirrek. Hartuko diren neurriak «sailaren ahalmen inbertitzailean eraginik izango ez duten neurriak» izango direla adierazi zuen Zarrabeitiak.



LUKURA ARTE IREKITZEA, AZTERTU. Egoera ekonomikoaz gain, Aldundiak aurre egin behar dio ere autobidea irekita ez egotearen arazoari. Lanak zehaztutako epean bukatzeko aukera dagoela aurreratu zuen Zarrabeitiak. Dena den, Gipuzkoako zatiaren atzerapena kontuan hartuta, lasaitasun gehiagorekin hartzea erabaki dutela aurreratu zuen. «Etxabarri Dibinako zubibidea bukatzeko gaueko txandak hasi behar zituzten, baina ez ditugu egingo ekarriko lukeen garestitzea aurrezteko».

Horretaz gain, Etxabarri Dibina eta Luku arteko zatia irekitzeko aukera ere aztertzen ari da Aldundia. 6,2 kilometroko zatia bidesaririk gabe irekiz gero, bidesaririk izango ez duela aurreratu zuten. Aipatu zatia negutik aurrera irekiko lukete, aurretik egitea Neguko Arabako Errepideen Plana nabarmen desorekatuko bailuke.

Autopistak izango dituen hainbat ezaugarri eman zituzten Arabako Foru Aldundiko arduradunek. Arabako zatian 120 kilometro ordura mugatuta egongo da abiadura eta 100 kilometro ordura Gizpuzkoan, besteak beste.





############



Hamasei anhidrita zainek atzeratu dute lana Arlabanen

Hamasei anhidrita zain dira Eibar-Gasteiz autobidearen obrak atzeratzearen arrazoiak. Ezkerreko tunelean mineral horretako bederatzi zain daude, eta beste zazpi eskuinekoan. Mineral horrek tunelak egiten dituztenen lana zailtzen duen ezaugarri bat du. Hezetasuna xurgatzeko gaitasun handia du, eta, hori egiten duenean, igeltsu bihurtzen da. Jatorrizko bolumena %60an handitu dezake hezetasuna xurgatzen duenean eta horrek tunelaren estalkian eragin zuzena du. Horri aurre egiteko estalki berezia jarri behar zaio tunelari, ohikoa baino bi aldiz sendoagoa. Estalki berezia jartzeko prozedura eta ohiko estalkia jartzearena ez dira bateragarriak, ezin dira aldi berean egin, eta hori da Arlabango tunelaren atzerapenaren zio nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez.

Anhidritak 500 metro luze ditu, anhidrita zain guztiak elkartuz gero, eta gaur bertan hasiko dituzte estalki berezia jartzeko lanak. Horrekin bukatzean tunela bukatzeko azken lanak hasiko dituzte. Errepidea, argiak eta bestelako hornikuntza jarriko dizkiote.





############



«90,5 milioi euroko maileguaren baldintzak birnegoziatzen ari gara, batez ere Vital Kutxarekin»

xabier agirre
arabako ahaldun nagusia
«Gainkostua ordaintzeko neurriek ez dute eraginik izango sailaren inbertsioak egiteko ahalmenean»

luis zarrabeitia
herrilan saileko arabako diputatua



############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.