Argia tunelaren beste aldean. Ia bost urteko lanen ostean, Araba eta Gipuzkoa Arlaban azpitik lotzen dituen autobidearen zatia irekita dago. Ibilgailuek, atzoz geroztik, aukera dute Luku eta Eskoriatza artean AP-1 autobideak dituen 17,7 kilometroak egiteko. Eskoriatza eta Arrasate arteko azken zatia irekitzea falta da orain autobidea bukatzeko, eta ekainean izango da hori. Gaur egun, Etxabarri Dibinatik Eskoriatzara arte 25,4 kilometro irekita daude, baita Arrasatetik Eibarrera dauden 15,1 kilometroak ere.
Inaugurazioa AP-1 errepideko harribitxietako batean egin zen: Isuskitzako tunelean, Euskal Herriko luzeena. 3,4 kilometro luze da -1,3 kilometro Araban daude eta 2,1 Gipuzkoan-. Tunel horretan bildu ziren atzo Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria, Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusia, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Vias eta Bidegiko zuzendariak: Unai Grajales eta Borja Jauregi, hurrenez hurren.
Eskoriatza eta Lukuren arteko errepidearen garrantzia azpimarratu dute agintari guztiek, eta Isuskitzako tunela garrantzi horren erakusgarritzat jo dute. Araba eta Debagoiena elkartzen dituen errepideak ekonomikoki izango duen garrantzia azpimarratu dute guztiek, eta krisi ekonomikotik ateratzeko irudi gisa erabili du Ibarretxek tunela. «Frogatu dugu egun dugun tuneletik atera gaitezkeela». Euskal Autonomia Erkidegoko etorkizuna orain eraikitzen ari dela adierazi du, eta horren barrenean intermodalitateak izango duen garrantzia goraipatu. «Herri honen etorkizuna trena da, baina ezin ditugu ahaztu errepideak eta portuak».
N-1en alternatiba
Ekainean AP-1 autobidea irekitzen dutenean, horrek Debagoienaren eta Arabaren arteko komunikazioan izango duen garrantzia nabarmendu du Olanok. Izan ere, Debagoienak zituen «komunikazio behar larriei» irtenbidea ematen die errepideak, Olanoren ustetan. Horrez gain, errepide berria N-1en «alternatiba eraginkorra» izango dela iritzi dio egun Gipuzkoan dagoen kamioien zirkulazioari aurre egiteko. «Zirkulazioaren banaketa egokia kudeatzeko aukera emango digu».
Etorkizunean aukera asko eskaini ez ezik, AP-1ak iraganeko egoerak ez errepikatzea ekarriko duela nabarmendu du Olanok. Lehenik eta behin, Arlabango mendateari agur esateko aukera emango duela adierazi du, eta, bestetik, Gipuzkoako biztanleek zuten «ezkortasun ezkutua» moztuko duela. «Lurraldearen banaketa politikoak horrelako egitasmo handirik gauzatzea ezinezkoa zela pentsatzen zen».
Instituzioen arteko lankidetza nabarmendu du Xabier Agirrek, Arabako eta Gipuzkoako aldundien artean egon den harremana gabe halako egitasmoa egieta ezinezkoa litzatekeela iritzita. «Errepide honek herria batzen du, eta, horrela, harreman ekonomikoak errazten ditu, besteak beste».
Arabako ahaldun nagusiak AP-1 errepideak izango duen segurtasuna ere nabarmendu du, eta Arabako aldean ireki berri den Lukuko tunelak segurtasun eskakizun zorrotzenak betetzen dituela gogorarazi du.
Orotara, Luku eta Eskoriatza arteko errepidearen 4.520 metrotunelen azpitik doaz, eta beste 2.177 metro zubibideetatik.
AP-1eko Luku eta Eskoriatza arteko zatia ireki dute, bost urteren buruan
Araba eta Gipuzkoa lotzen ditu 17,7 kilometroko errepideak, eta Euskal Herriko tunelik luzeena du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu