Apaizak, euliak eta karabineroak

jokin sagarzazu
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Irungo Amaia antzokian izan zen atzo EH Bilduren hauteskunde karabana. Handik gertu dago, Espainiako plaza zenaren albo batean, polizia etxetik bost bat metrora, Pio Baroja idazlearen eskultura. Apaiz, euli eta karabinerorik gabeko Bidasoko Errepublika bat amestu zuen hark. Mugarik gabeko euskal lurralde bat. Asko aldatu da Barojaren garaitik Behe Bidasoko hiriburua. Euli gutxiago; apaizak ere bai, itxuraz. Baina karabineroek hor jarraitzen dute. Euskal Herria da Europan polizia dentsitate handiena duen herrialdea. Polizia bat 165 biztanleko. Eta Irun, mugaren aitzakian, zifra horietatik gora ibiltzea ez litzateke arraroa izango. EH Bilduren programan jasota dago euskal lurraldeen desmilitarizazioa. Atzo, jazarpena amaitzeko eskatu zien Mintegik bi estatuei. Enara Rodriguezek salatutakoa Euskal Herrian maiz gertatzen dela gogoratuz. Isasik, berriz, «mugarik gabeko» hiriburu izaera aitortu zion Iruni. Pentsa daiteke bi aldarrikapenak lotuta daudela; bai, behintzat, Irunen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.