APAVT Terrorismoaren Biktimak Babesteko Elkarteak Auzitegi Nazionalari eskatu dio debeka dezala Sare plataformak euskal presoen eskubideen alde larunbaterako deitutako manifestazioa. APAVTek ohartarazi du, nahiz eta manifestazioaren aldarrikapena gaixo dauden presoak askatzea izan, "tankera horretako ekitaldietan ETAko preso guztiak goretsi" ohi dituztela.
Bilbora nahiz Baionara joatera deitu dute, ordea, ELAk eta Aralarrek. Sindikatuaren iritziz, "onartezina da borroka armatua aldebakarreko erabakiz uztea erabaki eta lau urte luze igarota, Euskal Herriaren aurkako estatu-ituna sostengatzen duten indar politikoek espetxe-politika humanizatzeko eta demokratizatzeko urrats bat ere eman ez izana". Horregatik, ELA bat dator deialdiaren mezuarekin, hots, "beharrezko diren hari pertsonal, sozial eta politiko guztiak batu egin behar direla dispertsioaren eta euskal presoei zein hauen senideei ematen zaien tratu ankerraren harriak mugitzeko".
Sarek, berriz, agerraldia egin du Donostian. Joseba Azkarraga eta Teresa Toda bozeramaileek salatu dute egungo espetxe politika "giza eskubideekiko errespeturik gabea" dela; horien iritziz, "bere burua demokratikotzat duen gizarte batek ezin du beste alde batera begiratu hainbeste eskubide urratuak direnean". Gogorarazi dute hamasei lagun hil eta hainbat zauritu direla espetxeetara bisitan.
Espainiako Gobernuaren jarreraren kontra mintzatu dira, ohartaraziz ez duela ez Espainiako ezta Europako Batasuneko legeria ere betetzen.
Aralarrek ere bat egin du manifestazioetara joateko deiarekin. "Bakea nahi dutenei" luzatu die gonbidapena, nabarmenduz giza eskubideek hala eskatzen duela eta Espainiako eta Frantziako estatuek ezarritako politikak "gizatasunetik kanpo" daudela: "Elkarbizitza landu eta sendotu nahi dugulako, giza eskubideen defentsak horrela exijitzen duelako euskal preso eta iheslari guztiak nahi ditugu etxean".