Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak gaur egin dute Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen aurkako zentsura mozioa bozkatzeko tramitea, eta data jarri diote; apirilaren 18an bozkatuko dute.
Aralar-NaBaik eta Bilduk aurkeztu zuten zentsura mozioa, eta iragarri zuten Juan Carlos Longas izango dela hautagai. PSNk iragarri zuen ez duela zentsura mozioa babestuko eta, beraz, ezustekorik ezean, ekimenak ez du aurrera egingo.
Nafarroako Parlamentuko araudiaren arabera, mozioa sinatu duen parlamentarietako batek egingo du aurreneko agerraldia, denbora mugarik gabe. Ondoren, Longasek hartuko du hitza, sor lezakeen gobernuaren programa politikoa azaltzeko. Hark ere ez du denbora mugarik izango.
Atsedenaldi bat egingo dute hurrena, eta talde parlamentario bakoitzeko ordezkari batek 30 minutu izango ditu hitz egiteko. Talde handienetik txikienera egingo dituzte agerraldiak. Gehiengo absolutua beharko du mozioak onartua izateko.