Apirilaren 28an plazaratuko dute adosturiko estrategia nazionalerako konpromisoa

Konpromisoa bi zatitan gauzatuko dute: ondoko asteetan Hego Euskal Herrian eta udazkenean Ipar Euskal HerrianElkarlanerako engaiamendua hartua dute ezkerreko bost alderdi abertzaleek

Pagola (EA), Ubera (Aralar), Larralde (ezker abertzalea), Colina (Abertzaleen Batasuna) eta Agirresarobe (Alternatiba), atzo, Baionan. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Ezker abertzalea, AB, Aralar, EA eta Alternatiba alderdiek landu estrategia nazionalerako konpromisoaren eskema adosturik daukate, eta haren berri emanen dute apirilaren 28an, Irungo Ficoba erakustazokan. «Mugimendu abertzalearen ibilbidean, inflexio puntu garrantzitsua izanen da hitzordu hori», ezker abertzaleko Xabi Larraldek dioenez. Datorren larunbatean izenpetuko duten engaiamendua bi denboratan gauzatuko da: ondoko asteetan Hego Euskal Herrian eta udazkenean Ipar Euskal Herrian. Gauzatze horren berri emateko orduan, lan ardatz konkretuak eta ibilmoldeak zehaztuko dituzte.

Horren berri eman zuten atzo bost alderdietako ordezkariek, Baionan egin prentsaurreko batean. Han egon ziren ezker abertzaleko Larralde, ABko Mertxe Colina, Aralarreko Rebeka Ubera, Alternatibako Amaia Agirresarobe eta EAko Manex Pagola. Bostek erran dute «oso urrats garrantzitsua» dela apirilaren 28koa. Euskal Herri osoa oinarri eta helburu hartuta, elkarlan estrategiko bat adosteko engaiamendua adieraziko dute orduan. Indarrak metatzearen bidez, Euskal Herriaren eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala bultzatu nahi dute, eta hori, «bakean, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko».

Erritmo ezberdinak gogoan

Elkarlan estrategiko horrek «Hego nahiz Ipar Euskal Herriari egokituriko erritmo, molde eta eduki zehatzak» ukanen ditu, Uberak zehaztu duenez. Hori dela eta, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan zer-nola gauzatuko den jakiteko, udazkena arte itxoin beharko da.Colinak erran du Bidasoaren bi aldeen artean «kultura politiko ezberdinak» direla eta bakoitzari «egokitu» nahi dutela. Uberak dio aurkeztuko duten dokumentuaren lanketan «normal-normal» lanean aritu direla: «Lurralde bakoitzaren abiadura eta errealitate ezberdinak kontuan hartuz, guztiak uztartzen eta oztopoak gainditzen saiatu gara».

Bost alderdiek diote finkatu dituzten helburuekin bat egiten duen «oso masa sozial zabala» dagoela. Pagolak adierazi du landutako konpromisoaren bidez masa sozial horren «aktibaziorako espazioak ireki» nahi dituztela. «Gure asmoa da Euskal Herriko pertsona ezkertiar, aurrerakoi, abertzale, independentista eta subiranista guztiei irekia izatea akordio hau; ateak irekiak izanen dira gurekin bidelagun izan nahi dutenei», erran du Uberak. Ipar Euskal Herriari doakionez, Larraldek zioenez, oinarri militante bat ez da alderdietan egituratua eta jende horiei lanean aritzeko espazio bat ematea dute xede.

Indar metaketaren bidez martxan den bake prozesuari bultzada eman nahi diote eta «azken geltokiraino eraman». Kontuan harturik «prozesuaren motorra» euskal gizartea dela, estrategia nazionalerako konpromisoarekin «indar metaketa indartsua gorpuztera» doazela diote.

Balio aurrerakoiak

Proiektu independentista balio «aurrerakoi eta ezkertiarretan» kokatzen dutela azpimarratu dute, halaber. Hau da, gaur egungo krisi egoera kontuan harturik, sistema kapitalista eta liberala gainditzea ahalbidetuko duten alternatiba praktikoak gauzatzeko «askonahiaren» berri eman dute.

Martxoaren 14an, «indarrak biltzearen aldeko apustu sendo eta estrategikoaren aldeko hautua» egin zutela jakinarazi dute bost alderdietako ordezkariek Baionan egin prentsaurrekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.