Koalizioak gaur Iruñean egindako agerraldian jakinarazi du apirilaren 5ean aurkeztuko duela zentsura mozioa Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako "egoera politiko eta sozial larriaren aurrean". EH Bilduren ustetan, UPNren politikek eta "kudeaketa kaskarrak" eragin dituzten murrizketa sozialei eta egoera ekonomiko eta sozial "larriari aurre egiteko beharra eta urgentzia" dago. Besteak beste aipatu dituzte langabezia tasaren gorakada, ustelkeria kasuak, CAN auzia, "ezkutuko erreskatea", erakundeen "egonkortasunik eza" eta gobernuaren "ezintasun nabaria" krisiari aurre egiteko.
Zentsura mozioaren helburuetako bat hauteskundeak aurreratzea litzateke, EH Bilduko ordezkariek azaldu dutenez. Agerraldian hitza hartu dute Maiorga Ramirez, Bakartxo Ruiz eta Aritz Romeok. Mozioak aurrera egin dezan, beharrezkoa izango da PSNren babesa, eta orain arte adierazitakoaren arabera, ez du horren alde egingo.
Dena den, EH Bilduko ordezkariek esan dute "erabat zabalik" daudela zentsura mozioaren planteamenduaren eta aurkeztutako hautagaiaren gainean hitz egiteko: "Gure asmoa eta nahia ekimen politiko-instituzional hau ahalik eta esparru zabalenarekin adostea da. Kanpoko esku hartzerik gabe eta inolako beto edo esklusiorik gabeko adostasunetara iristea, hain zuzen ere".
Eztabaida apirilaren 11-19 artean edo aurrerago izan daiteke.