Iruñeko Golem zinematokien ondotik aterako da datorren apirilaren 5ean, 17:30ean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatu manifestazioa. Gaur, parte hartzera deitu dituzte herritarrak Nafarroako Abortuaren Aldeko Plataformako kideek. "Gure gorputza da, eta guk erabakitzen dugu", laburbildu dute manifestazioaren leloa eta aldarri nagusia. Nabarmendu dute ez dutela utziko Espainiako Gobernua prestatzen ari den erreforma ezartzen. Herritarrak karrikara ateratzera deitu dituzte antolatzaileek, "jokoan asko" dagoelako.
Hego Euskal Herrian, 4.967 emakumek abortatu zuten 2012. urtean. Haietako %37,5ek ez zuten inolako antisorgailurik erabili. Datu horrek agerian uzten du sexu heziketak huts egiten duela, Nafarroako Abortuaren Aldeko Plataformako kide Oihana Lopezen hitzetan. Abortu gehienak sare pribatuan egitea ere salatu du Lopezek. "Zerbitzua pribatizatu egiten dute, eta eskandaluzkoa da hori", azaldu du. Hamaika emakumek eta taldek eman diote jada atxikimendua apirilaren 5eko manifestazioari.