Euskal presoak

Apirilaren 9an manifestazioa eginen dute Esnal, Xistor eta Parot anaien alde

Lau euskal presoek 26 urte daramatzate preso, eta baldintzapean aske uzteko eskatua dute Frantzian preso dauden hirurek. Donibane Lohizunen eginen dute protesta, 17:00etan hasita. Apirilaren 5erako ere elkarretaratzera deitu dute.

Presoen aldeko manifestazioa deitu dute apirilaren 9rako. @BAGOAZ
maddi ane txoperena iribarren
2016ko martxoaren 30a
18:34
Entzun

Heldu den larunbatean 26 urte beteko dira Jakes Esnal, Frederique Haranburu Xistor, Ion Kepa Parot eta Unai Parot atxilotu zituztenetik. "27. urtean sartuko dira jada, mende laurden baino gehiago preso", azaldu du Emilie Martin Bagoaz-eko bozeramaileak. 60 eta 65 urte bitartean dituzte jada lau presoek, baina oraindik zigor luzeak dituzte betetzeko: Frantziako espetxeetan dituzten Esnal, Haranburu eta Ion Kepa Parotek bizi osorako espetxe zigorra dute, eta Unai Parotek, berriz, 40 urteko kondena.

Esnal, Haranburu eta Ion Kepa Parotek baldintzapean askatzeko eskatua dute 2013tik, baina oraingoz epaileak ukatu egin ditu eskaera guziak. Esnalek heldu den apirilaren 5ean du haren kasua aztertzeko auzia, eta egun berean elkarretaratzera deitu du Bagoaz-ek, 19:00etan, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Herri berean eginen dute apirilaren 9ko manifestazioa, 26 urte, aski da! Xistor, Jakes, Ion eta Unai askatu! lelopean.

Bagoaz-ek eta presoen senideek salatu dutenez, argudio politikoengatik ukatzen dizkiete baldintzapeko eskaera guziak presoei: "Txostenak ongi eginak dira". Gauza bera gertatzen da baldintzapeko askatzeak eskatuak dituzten bertze presoekin zein larriki eri den Ibon Fernandez Iradirekin ere. "Botere politikoak tresna juridikoak instrumentalizatzen ditu", salatu du Martinek.

Gimonen bidetik

Bagoaz-en ustez, Frantziako eta Espainiako Gobernuek ez dute pausorik eman presoak askatzeko bidean. Halere, Lorentxa Gimonen kasuan karrikako mobilizazioak lagundu zuela uste dute. Bertze presoekin gauza bera gertatzea espero dute, eta, beraz, herritarrei mobilizatzeko deia egin diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.