Euskal presoei dagozkien eskubideak onartuak izan daitezen herritarren mobilizazioa oso garrantzitsua izango dela dio Izkok.
Azken zortzi hilabeteetan bost abokatu atxilotu dituzte. Nola bizi duzue egoera?
Errepresioaren lekuko zuzenak gara abokatuok, eta hori gizarteratzen saiatzen gara. Torturaren aurkako borrokan buru-belarri ari gara, presoen egoera salatzen dugu... Lehen lerroko lekukotasun hori izateak lekuko deseroso bihurtzen gaitu batzuen begietara, eta horregatik kendu nahi gaituzte erditik.
Zer-nolako lotura dauka horrek presoekin duzuen harremanean?
Gaur egun presoen kontra apustu argia egiten ari dira. Presoak damuarazi nahi dituzte kosta ahala kosta, eta pentsatzen dute haiei asistentzia ematen dieten abokaturik gabe errazagoa izango dutela.
Ezker abertzaleak abiatutako prozesuaren aurka egitea leporatzen dizuete.
Horrek zer esan nahi du: gure atxiloketekin prozesua bultzatu nahi dutela? Haiek daudela prozesuaren alde eta horregatik kentzen gaituztela erditik? Zer da hau! Gertatzen dena da horrek kriminalizatzeko balio duela. Gazteekin eta gurekin gauza bera egiten ari dira.
Harreman zuzena duzue presoekin eta senideekin. Biharko manifestaziora begira, zer mezu jaso dituzue?
Haiek dira munduko errealistenak, egunero pairatzen baitute errepresioa. Badakite zein bortitza izaten ari den egoera eta estatua zer-nolako apustua egiten ari den presoen kontra momentu honetan. Baina halako ekimen bat antolatzeak eta zenbateko atxikimendu jasotzen ari den ikusteak sekulako indarra eta ilusioa ematen die aurrera egiteko eta konturatzeko lorgarriak direla ditugun helburuak.
«Apustu argia egin dute presoen kontra; haien damua nahi dute»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu