Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 2012ko lehenengo hiruhilekoaren "balantze positiboa" egin du gaur, errepide istripuei dagokionez. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errepideetan izandako istripuetan hildakoen kopuruak beherako joerari eusten diola azaldu du gaur Amparo Lopez Trafiko zuzendariak.
Zuzendaritzako datuen arabera, lehen hiruhilekoan 12 hildako egon dira EAEko errepideetan; aurreko urteko denbora tarte berean, berriz, 20 hildako izan ziren.
Lopezen iritziz, hildakoen kopuruaren jaitsiera oso positiboa da: "Heriotza tasaren zifrak nahiko txikiak direla kontuan hartuta, hildakoen kopuruak txikitzen jarraitzea pozik egoteko arrazoia da. Hala ere, adi jarraitu behar dugu; hildako bakar batek ere kezkatu egiten gaitu", esan du gaur, datuen berri ematerakoan.
Arau hausteen gaineko salaketen % 45 radar finkoaren bidez detektatutako gehiegizko abiaduragatik izan dira.
Telefono mugikorretik hitz egiten gidatzeagatik izandako salaketak 686 izan dira urteko lehen hiru hilabeteetan, eta segurtasun elementuak ez erabiltzeagatik (kaskoa, uhala, haurrei eusteko gailuak) 1.272 salaketa jaso dituzte; 2011n, aldiz, 1.335 izan ziren.
Alkohol tasa gainditzeagatik 772 salaketa egin ditu Ertzaintzak; 2011n, berriz, 969 egin zituen.