Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren erdia dago independentziaren inguruko galdeketa bat egitearen alde, Euskobarometroaren arabera. Gaur ezagutarazi ditu emaitzak inkesta egiten duen EHUko irakasle Francisco Llerak. Jasotako datuen arabera, %38 dago erreferendum bat egitearen aurka. Independentzia bera nahi dutenak, ordea, gutxiago dira: %31. Aldiz, %55ek dute independentzia lortzeko desio "gutxi" (%22) edo "batere" (%33).
Independentziarako desio "gutxi" edo "batere" ez dutenak gehiengo dira alderdi konstituzionalisten artean (%81). EAJren aldekoen artean, ordea, %47 dira independente izateko nahi "gutxi" edo "batere" ez dutenak. EH Bildu ez da aukera horretan azaltzen.
1.200 elkarrizketa egin zituzten urriaren 29tik azaroaren 16ra bitartean; 400 herrialde bakoitzean. Krisi ekonomikoaz, %83k esan dute krisiaren eragina nabaritzen dutela; iaz baino %11 gehiagok. %61entzat lana da kezka nagusia, eta %72k uste dute krisialdiari aurre egiteko neurriek ez dutela justifikaziorik.
Aurreko Jaurlaritzari buruzko iritzia ere jaso du Euskobarometroak. %51k uste dute "Euskadirentzat txarra" izan dela exekutiboa; sei hilean %9 hazi da hori uste dutenen kopurua. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuaren kudeaketa, berriz, %86k jotzen dute txartzat. Bestalde, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria da balorazio onena duen buruzagi politikoa (4,9), baina bat ere ez da bost puntura iristen. Hamarretik 4,3 puntu eman dizkiote Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideari.
Hauteskundeen ondorena
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako emaitzekin "oso edo nahiko ados" agertu dira %57. EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa da herritarrek aldezten dutena (%26), eta EAJren eta PSEren arteko akordioa da bigarren aukera gustukoena (%23).
Botoa emateko arrazoiez galdetuta, EAJren alde egin zutenen %42k euren burua alderdi horrekin identifikatzen dute; %21ek uste dute hautagai egokiena Urkullu dela krisialdi ekonomikoari aurre egiteko. Inkestan jasotako beste arrazoi batzuen artean daude Urkullu bera (%4), PSE Jaurlaritzatik "botatzea" (%2) eta EH Bilduren garaipena galaraztea (%1). EH Bilduk jasotako botoen %56k identifikatzen dute euren burua koalizioarekin; %10ek eman diote botoa indarkeria alboratzeko eginiko urratsengatik; eta %9k, Mintegirengatik.