Araba, Bizkai eta Gipuzkako biztanleen %77k uste dute emakumeen aurkako indarkeria ez dela etengo gizon eta emakumeen arteko berdintasuna egon arte. Ia herritar guztien iritziz, %96ren iritziz, "onartezina" da emakumeen aurkako indarkeria. Baina hamarretik lauk pentsatzen dute "salaketa faltsu asko" daudela.
Ikerketa egiteko 2.000 pertsona elkarrizketatu dituzte. Emaitzek adierazten dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren indarkeria matxistaren aurkako indizea Europako Batasuneko altuenetarikoa dela, Espainia eta Greziakoaren atzetik.
Eraso motak neurtzeko orduan, herritar gehienek oso larritzat jotzen dituzte, besteka beste, jotzea (%96), sexu harremanak izatera behartzea (%88), baimenik gabe norberaren irudiak, argazkiak eta informazioa zabaltzea (%80), mehatxatzea (%75), bikotekidea mugikorrarekin edo sare sozialen bidez kontrolatzea (%69), familia eta lagun harremanak mugatzea (%63) eta janzteko modua kontrolatzea (%62).
Hala ere, badira beste jarrera batzuk herritarrek ez dituztenak hain larritzat jotzen. Adibidez, biztanleen %47k bakarrik uste dute oso larria dela etengabe kexatzea bikotekideak gauzak egiteko moduaren inguruan. Bikotekideari jaramonik ez egitea, berriz, soilik gizartearen laurdenentzat da oso eraso larria.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek euren buruari berdintasunean 10etik 6,4ko nota jarri diote, 2012an baino altuagoa. Orduan, 5,6ko nota jarri zuten.
Ikerketan galdetu dute ea norberak zer egingo lukeen emakume baten aurkako tratu txarrak ikusiz gero. Erdiek baino gehiagok (%52) Poliziari deituko lieke, gutxiagok (%21) erasotzailerari aurre egingo lieke, eta galdetutakoen %17k beste pertsona batzuen arreta deituko lukete.