EUSKARA

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hizkuntz gatazkarik dagoela ukatu du Blanca Urgellek

Euskalgintzako eragileekin harremana "bikaina" dela esan du, eta oposizioari euskara "arma gisa" ez erabiltzeko eskatu dio.

2010eko azaroaren 19a
15:40
Entzun
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura kontseilariak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hizkuntz gatazkarik ez dagoela esan du gaur, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. PSE-EEko parlamentari Vicente Reyesi erantzunez adierazi du, gainera, euskara ez dela zigorrekin lotu behar, eta hori argudio hartuta aurreko gobernu batzuk euskara bultzatzeko hartu dituzten neurriak bertan behera utzi izana defendatu du.

Urgellen hitzetan, oraingo Eusko Jaurlaritza aurrekoak bezain euskalzalea da, eta datorren urtean euskara sustatzeko aurrekontua %2 handituko dutela esan du, "itzultzaile automatikoa sortzeko eta euskarazko entziklopedia sortzeko proiektuetarako". Euskagintzako eragileek harremana "bikaina" dela dio Urgellek, eta aurten Etxepare Institutoa sortu dela eta neurri gehiago hartu direla gogorarazi du.

Azken urteetan euskaldun kopurua %22tik %37ra handitu dela esan du, eta euskararen alde gutxiago hitz egitera eta euskara gehiago mintzatzera deitu du oposizioa, zenbait alderdik hizkuntza "arma bezala erabiltzea" salatuz. Gaur egungo gobernuak aurrekoarekin duen ezberdintasun bakarra da, bere hitzetan, "lehengoa inposiziotik aritzen zela", eta eurak, berriz, "askatasunetik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.