Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan %2 igo zen iaz BPG Barne Produktu Gordina, Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak gaur jakinarazi duenez. Urtean zehar bilakaera ezberdinak izan ziren lehen seihilekoan —hazkunde garrantzitsuak, aurreikusitakoaren gainetik— eta bigarrenean —hazkunde positiboa, baina urteko batez bestekoaren azpitik—. Azken hiruhilekoan %0,4ko hazkundea izan zuen BPGk.
Hazkunde tasa hori Espainiako ekonomian lortu dena (%1,2) baino zortzi hamarren handiagoa izan da, Europako Batasunarena (%0,9) baino 11 hamarren handiagoa eta Amerikako Estatu Batuetakoa (%1,3) baino zazpi hamarren handiagoa, Eustaten datuei jarraiki. Erakundeak soilik Euskal Autonomia Erkidegoaren datuak biltzen ditu, ez, ordea, Nafarroa Garaikoak, ezta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberokoak ere.
EAEko hazkundearen oinarrian zerbitzuen sektorea kokatu zen, merkatukoak (%2,5) eta, batez ere, ez-merkatukoak (%7,3). Zerbitzuen hazkunde globala %3,3koa izan zen.
Industria eta eraikuntza alorrak hazkunde ezaren (%0,0) inguruan ibili ziren, baina azkenean industrian %0,2ko hazkundea izan zen, eta eraikuntzan %0,1eko jaitsiera. Lehen sektorea "aldakorrago" ibili zen urtean zehar eta urtearen buruan %-0,2rekin amaitu zuen, Eustatek azaldutakoaren arabera.
Barne eskaria
Bestalde, barne eskaria %1,9 hazi zen, 2007an baino bi puntu eta bost hamarren gutxiago, alegia. Kontsumo publikoa izan zen barne eskariaren osagairik dinamikoena, %5,9 hazi baitzen.
Barne eskariaren beste bi osagaien bilakaerak antzekoak izan ziren: kontsumo pribatua %1,1 hazi zen eta KEG Kapital Eraketa Gordina %1,4. Azken horretan joera negatiboa "oso nabarmena" izan zen urteko bigarren zatian. Kanpo merkataritzari dagokionez, esportazioetan %4,5eko hazkundea izan zen, eta inportazioetan %4,2koa; kanpo sektorearen ekarpen positiboa egon zen.
Pertsonal okupatuak, batez beste %1,1eko hazkunde positiboari eutsi zion, eta 10.000 lanpostu garbi sortu zituzten; pertsona okupatuak 1.025.000 kopuruaren gainetik daude oraindik. Zerbitzuen sektorea izan zen, berriz ere, 2008ko batez besteko hazkunde horri eutsi ziona, hazkunde tasa %2,4koa izan baitzen, pertsona okupatuak 650.000 izanik. Industriak (%-0,4) eta, batez ere, eraikuntzak (%-4,1), "begibistako" aro aldaketa izan zuten 2008ko bigarren seihilekoan, Eustateko ordezkarien esanetan; azkenean, lehen sektoreko batez besteko enplegua %1,7 hazi zen.
Herrialdeei begiratuz gero, BPGari dagokionez, Bizkaiak eta Gipuzkoak %2ko hazkundea izan zuten, Arabakoaren (%1,8) gainetik. Enplegua EAEko hiru lurraldeetan hazi zen: Bizkaian %1,2, Araban %1 eta Gipuzkoan %0,9.
Laugarren hiruhilekoa
Euskal Autonomia Erkidegoko BPGren urte arteko hazkunde erreala %0,4koa izan zen joan den urteko laugarren hiruhilekoan, Espainiako (%-0,7), Europako Batasunako (%-1,1), euro eremuko (%-1,2) eta AEBetako (%-0,2) hazkunde tasen gainetik, hain zuzen ere.
Sektore eskaintzaileen aldetik, zerbitzuen sektorea (%2,5) izan zen hazkunde tasa positiboak izan zituen bakarra, gainerakoetan tasak negatiboak izan baitziren. Merkatuko zerbitzuetan %1,6koa izan zen gorakada, eta ez-merkatukoetan (herri administrazioek eskainitakoetan) %7,1koa.
Industria sektoreak BPGren batez bestekoaren azpitik ibili zen, %-2,8ko urte arteko tasarekin. Datu hori aurreko hiruhilekokoaren azpitik dabil, %3,3 beherago alegia.
Eraikuntzan, eta badira bi hiruhileko jarraian, urte arteko hazkunde tasak negatiboak izan ziren, laugarren hiruhilekoan %-2,9ko tasa negatiboa, hain zuzen ere. Obra zibila "hobeki" ibili zen, baina ez eraikuntza sektoreko bilakaera negatiboa konpentsatzeko bezain beste.
Lehen sektorean bilakaera positiboagoa izan zen urteko lehen seihilekoan, eta hazkunde negatiboak urteko bigarren zatian. Zehazki, laugarren hiruhilekoan %1,2koa izan zen jaitsiera urte arteko tasan.
Eskariaren aldetik, barne eskaria %1,9 murriztu zen aurreko hiruhilekoaren aldean, hazkunderik ezean (%0,0) kokatuta. Bestetik, esportazioen bilakaera, inportazioenarekin alderatuta, ez zen hain negatiboa izan, eta guztira kanpo saldoaren ekarpen positiboa izan zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomiarako.
Osagaien arabera aztertuz gero, Familia-etxeen azken kontsumoak (kontsumo pribatua) urte arteko %0,4ko jaitsiera izan zuen, hamar urtetan baino gehiagotan aurreneko aldiz; (aurreko hiruhilekoaren aldean %1,3), eta barne eskariaren murrizketa azaltzeko "funtsezkoa" izan da.
Herri Administrazioen Azken Kontsumoko Gastuak (kontsumo publikoa), ondasun eta zerbitzuetan egindako gastu publikoaren babesean, %6,1eko hazkundea izan zuen, aurreko hiruhilekoaren aldean zertxobait goiti eginez.
KEG Kapital Eraketa Gordina (inbertsioa) izan zen, barne eskariaren osagaien artean, erasanik handiena nozitu zuena; izan ere, aurreko hiruhilekoko urte arteko hazkundearen aldean %4 jaitsi zen eta %-2,2ko urte arteko tasa negatiboan kokatu zen.
Esportazioek eta inportazioek, guztira, hazkunde negatiboak izan zituzten; zertxobait handiagoa izan zen inportazioena (%-4,2) esportazioena (%-3,8) baino. Gertaera horrek kanpo saldoaren ekarpen positiboa ekarri zuen BPGren hazkunderako.
Pertsonal okupatuan, bai urte arteko tasa (%-0,1), bai hiruhilekoen artekoa (%-0,2) negatiboak izan ziren; batez beste 2.000 gutxiago ziren okupatuak. Urte arteko tasarik txarrenak zituzten sektoreak industria (%-1,2) eta eraikuntza (%-8,8) izan ziren; beste aldean, hazkunde positiboak izan ziren zerbitzuetan eta, apalago, lehen sektorean.
BPGk iaz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan izan zuen bilakaerari dagokionez, 2008ko laugarren hiruhilekoan, Gipuzkoa eta Bizkaia Arabaren gainetik geratu ziren: Bizkaiak urte arteko %0,4ko hazkundea izan zuen, Gipuzkoak %0,5ekoa eta Arabak %0,1ekoa.
Ekonomia
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan %2 igo zen iaz Barne Produktu Gordina
2008ko azken hiruhilekoan %0,4 hazi zen, Eustat erakundearen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu