«Ireki den egoera politiko berria ikusita, behin baino gehiagotan esan dugu EAJk erabaki egin behar zuela: subiranistekin edo unionistekin. Eta gaur EAJk erabaki du PSE-EEren edo PSOEren eskutik helduta ibiltzea». Horrela mintzatu da Pello Urizar EAko idazkari nagusia alderdiko diputatuen kanporatzeen berri izan duenean. EAko buruzagiak uste du Espainiako Gobernuaren aurrekontuen negoziazioek eragina izan dutela kanporatzeetan. Azken hilabeteetan jeltzaleek «desleial» jokatu dutela salatu du halaber. «Haiekin [PSE-EE eta PSOErekin] negoziatu dituzte aurrekontuak, guri hitza ukatuta».
Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak, berriz,eskua luzatu dio Xabier Agirreri eta haren gobernuari. Alderdi sozialistak «arduraz» jokatuko duela esan du, baina ohartarazi du datorren urteko hauteskundeen ostean «egokitzeak» izango direla Arabako Foru Aldundian. «Hautestontzietan eta bozen ondoren egingo dira egokitzeak. Orain krisiaren eraginak leundu eta herritarren beharrei erantzun behar diegu; nazionalismo osoaren porrot hau orduan konpondu beharko dugu», esan du Prietok.
Komunikabideei igorritako ohar batean, Prietok esan du krisi ekonomikoa dela gaur egun sozialisten kezka nagusia. Adierazi du «nazionalistek sorturiko hondamendia» ahalik eta txikiena izaten saiatuko direla. «Hori da sozialistok herritarrei zor dioguna. Herritarren eskubideak ezin dira jarri hauteskunde aurreko oportunismoaren menpe».
Prietoren arabera, foru aldundian gertaturikoak agerian utzi du «gobernu nazionalista guztien ahultasuna». Arabako diputazioari dagokionez, «are eta larriagoa» dela nabarmendu du. «Aralarrek gobernua utzi zuenean etorri zen lehen porrota. Ondoren, ustelkeria kasua, eta diputatu baten kargugabetzea. Ezegonkortasun eta ahuldaderik handienean dago gobernua».
Arabako PPren idazkari nagusi Javier de Andresek ere kritikatu du Agirreren gobernuak hiru urte hauetan erakutsi duen «ahultasuna». De Andresek «lidergo falta» leporatu dio.
«EAJ-PSE koalizioa»
Ezker abertzalearen eta Ezker Batuaren irudiko, iragarrita zegoen gobernua hautsiko zela Arabako Foru Aldundian. Prentsa ohar batean, ezker abertzaleak gogora ekarri ditu EAJk PSE-EErekin eginiko akordioak. «Espainiako Estatuarekin egin beharreko akordioak lehenetsi ditu legealdi honetan. Zure kideekin baino gehiago PSErekin egiten badituzu akordioak, normala da bakarrik geratzea», adierazi du. Araban «aldaketa politikoa eta soziala» gauza dadin, ezkerreko indar independentisten indarrak metatzea ezinbestekoa dela nabarmendu du ezker abertzaleak.
EBk, berriz, uste du Agirrek legealdi amaiera «lasaia» izango duela, «Txarli Prietoren laguntzarekin gobernatuko baitu».
ARABA. GOBERNU HAUSTURA. Urizarrek dio kanporatzea bat datorrela EAJk PSE-EEra hurbiltzeko duen asmoarekin
PSE-EEk eskua luzatu dio EAJri, baina hauteskundeen ostean «egokitzeak» egongo direla ohartarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu