Santa Maria de Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearra ixtearen aldeko mugimenduaren buruan jartzeko eskatu diete hainbat eragile eta herritarrek Arabako Foru Aldundiari eta Gasteizko Udalari. Aldundia Arabako herritarrak ordezkatzen dituen erakundea dela gogorarazi dute, eta, beraz, arabarren hitza errespetatzeko eskatu diote diputazioari.
Araba Garoñarik Gabe plataformak antolatuta, 200 pertsona inguru batu ziren atzo Gasteizen eginiko elkarretaratze isilean. Herriaren hitza errespetatu. Garoña itxi orain lelopean elkartu ziren aldundiaren egoitzaren parean. Arabako Diputazioan eta Gasteizko Udalean PPk agintzen duela gogorarazi zuten protestan, eta Garoña ixteko aldarria Espainiako Gobernuko presidente Mariano Raxoiren aurrean defendatzeko eskatu zieten Arabako eta Gasteizko buruzagi politikoei.
Plataformako bozeramaile Alberto Friasen arabera, Arabako herritarrek «sarritan» erakutsi dute kalean Garoñako zentral nuklearraren aurkako jarrera, eta gaineratu du diputazioak ekimena izan behar duela «gehiengoaren borondatea» defendatzeko. Friasek adierazi du hori egin ezean ez dela orekarik izango herritarren nahiaren eta ordezkaritzaren artean. Azken hamabi urteetan, Arabako Aldundiak Garoñako zentral nuklearra ixteko 22 mozio onartu dituela nabarmendu du Friasek. Baina erantsi du «hitzetatik ekintzetara» igarotzeko garaia dela: «Momentu honetan ez dute balio doan ateratzen diren adierazpenek. Ez dute balio erdizka esandako hitzek edo isiltasun konplizeek».
Urrats «ez-sinbolikoak»
60 bat elkartek osatzen dute Araba Garoñarik Gabe plataforma. Friasek jakinarazi duenez, datorren astean batzartuko dira elkarteak, hausnarketa sakonago bat egiteko, eta egin beharreko urrats «ez-sinbolikoak» erabakitzeko: «Bideorri bat adostuko dugu, egoera berriari erantzuteko».
Garoñako zentral nuklearrak 2019. urtera arte lanean jarraitzeko aukera da Friasek aipaturiko egoera. Jose Luis Rodriguez Zapaterok zuzendutako gobernuak 2013rako ezarri zion zentralari ixteko data. Epe hori sei urtez luzatzearen alde azaldu da, ordea, Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soria. Txosten bat egiteko eskatu dio Soriak Segurtasun Nuklearraren Kontseiluari, zentrala beste sei urtez zabalik mantentzea segurua den zehazteko.
Aurreko gobernuak ezarritako epea errespetatzeko eskatu du Friasek. Horretarako, «arlo ekonomikoan egiten duen bezala», Alemaniako Gobernuak energia arloan hartutako erabaki berak hartzea galdegin dio Raxoiren gobernuari. Hain zuzen, Friasek gogora ekarri du Fukushimako (Japonia) zentral nuklearrean gertatutako ezbeharraren ondoren Alemaniako Gobernuak itxi egin zituela 1980 baino lehenago eraikitako zentral nuklear guztiak. Garoñakoa Fukushiman dagoen zentral nuklearraren belaunaldi berekoa da.
Arabako Aldundiak Garoña ixteko saioa gidatzea nahi dute
Eragile eta herritar ugari elkartu dira Araba Garoñarik Gabe plataformak deitutako elkarretaratzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu