Zirkulazioari, garraioari eta foru eraikinetako segurtasun lanei beste ardura bat gehitu diete miñoiek: Arabako begi berdeak bihurtu dira. Araban ingurumenaren aurka gertatzen diren delituen zaintza eta prebentzio lana egiten dute maiatzetik: arrantza, ehiza, legez kanpoko zabortegiak, isuriak, animalia basati zein abereak, natur parkeak... Gai horien gaineko zaintza beti egin da, baina polizia talde espezializatu batek bere gain hartu du duela hiru hilabete.
Arabako foru poliziako bederatzi kide ingurumenaren aurkako delituen zaintza berezia egiten ari dira hilabeteotan, eta lanik ez zaiela falta aitortu du Celestino Garridok, miñoien zerbitzuko buruak. «Ehiza garaiarekin batera, oreinaren marrualdia gertu dugu, eta garai horretan zaintza lana egiten dugu duela zenbait urte», gogorarazi du Garridok. Bi gai horiek berebiziko garrantzia izaten ari dira azken hilabeteotan.
Oreinaren marrualdia hastear dagoela, Gorbeiako Natur Parkearen inguruan biltzen dira miñoi talde horren ahalegin asko, bolada honetan gora egiten baitute isilpeko ehiztariek inguru horretan. «Oreinen adarrak bereziki garatuta daude marrualdian,eta sari bezala nahi dituzte; haragiak ez die axola: burua baino ez dute nahi». Edozein poliziak isilpeko ehiztarien jarraipena egin arren, maiatzetik lanean ari den taldeak prestaketa berezia jaso du ehiztari horien aurka lan egiteko.
Dagoeneko Araian eta Aiaran bi ehiztari atxilotu dituztela jakinarazi du. «Horietako batek erriflea leihotik bota zuen ihes egiten ari zela». Dena dela, Garridok aitortu du ez dela erraza isilpeko ehiztariak harrapatzea. Erriflea basoan ezkutatuta uzten dutela gogorarazi du, eta oreina hil eta egun batzuk igaro arte burua ez diotela mozten. «Pertsona bati odolez bustita zegoen harategi aizto bat atzeman diogu, baina hori ez da nahikoa pertsona horren aurkako neurriak hartzeko; animalia behar da».
Gauetan egindako zaintzak, eremu zehatzetan sartzen direnen identifikazioa... Garridoknabarmendu du isilpeko ehiztarien kolpeak bereziki sufritzen dituztela lan horretan. «Orkatz bat burua moztuta topatzen duzunean, min izugarria egiten du horrek». Dena den, miñoien taldea lanean ari denetik gehien atzeman duten delitua ibaiko karramarroen legez kanpoko arrantza da. «Badaude garaiak eta lekuak, baina ematen du legez kanpo hartzen diren animaliek zapore hobea dutela».
Espezializazioaren abantaila
Arabako ehiza barrutietako elkarteko zaindari gehienak, bederatzitik sei, greban daude duela 26 hilabete. «Ehiza zerbitzua mantendu behar du aldundiak, zaintzak eta ikuskaritzak; guk ez ditugu guardak ordezkatzen, baina araudia betetzen dela ikuskatzen dugu».
Garridok nabarmendu du eskertzen dela arauak errespetatzen ez dituzten ehiztari, arrantzale, nekazari, enpresaburu edo banakoekin hitz egiteko miñoien espezializazioa. «Arau-haustearen berri ematen diogunean, argi utzi behar dugu zer egin duen gaizki».Ibaiko arrantzaren Legea eta foru araua, Ehizaren Legea eta foru araua, mendietako foru araua, natur parkeen araudiak... Arabako Foru Aldundiko teknikarien laguntza izan dute hiru hilabetez gai horietan guztietan behar bezala prestatzeko, eta Arabako naturaren begi berdeak izateko.
Arabako begi berdeak
Ingurumenaren aurkako delituen prebentzioan eta zaintzan espezializatu da miñoi talde bat; bederatzi dira, eta oreinaren marrualdia eta ehiza dituzte egunotan kezka nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu