Arabako bi udalek informazioa eskatu dute Espainiak egin nahi duen biltegi nuklearrari buruz

Garoñatik gertu diren Lantaronek eta Gobiaranek agertu dute azpiegitura hori hartzeko interesa

Erredakzioa
2006ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Jakin-mina badute. Espainiako Gobernuak iragarkia atera zuen joan den uztailean hainbat hedabidetan, egin nahi duen biltegi nuklearra hartzeko prest diren herrien zerrenda osatzeko asmoz, eta Euskal Herriko bi udalerrik eskatu dute proiektu horri buruzko informazioa: Lantaronek eta Gobiaranek alegia, biak Arabakoak.

Añanako Kuadrilan daude Gobiaran eta Lantaron, Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearretik oso gertu. 1971. urtean inauguratu zuen Francisco Francodiktadoreak azpiegitura hori. Bi udalerriok inguruan zentralak dituzten herrien elkarteko kide dira.

Oraingo proiektuaren arabera, Espainiako Gobernuak egin nahi duen biltegiak bere menpe diren zentral guztien hondakinak jasoko lituzke. Biltegiaz gain, zentro teknologiko bat eraikitzea da Espainiako Industria Ministerioaren asmoa, hondakinei buruzko ikerketan urratsak egiteko asmoz.

Izan ere, hondakin erradioaktiboentzat ez dago behin betiko konponbiderik, oraingoz. Milaka urtez jarraitzen dute halako hondakinek erradioaktibo izaten. Zentral nuklearrak dituzten herri gehienen hautua da hondakinak behin-behineko biltegietan gordetzea.

Halako bat diseinatu du Espainiako Hondakin Erradioaktiboen Enpresak (Enresa). Non kokatuko duten erabakitzea falta da. Lantaronekin eta Gobiaranekin batera, beste 63 balizko egoitzen informazio eskaera jaso du Espainiako Gobernuak.

700 MILIOI ETA 300 LANPOSTU.60 urtez izanen litzateke biltegi Espainiak egin nahi duen eraikinak. Gastatutako uranioa gordeko litzateke bertan. Egun, zentral bakoitzak bere hondakinak gordetzen ditu, igerileku moduko beren biltegietan. 700 milioi euroko aurrekontua du proiektuak, eta 300 lanpostu sortuko lituzke. Espainiako Gobernuak 2010. urterako egin beharko luke biltegia, urte horretan 1989an Frantziara bidali zituen hondakinak itzuliko baitizkiote. Ondorioz, 2008an hasi beharko lituzkete obrak, eraikinak non egin erabaki ondoren. 2007. urterako erabaki beharko luke hori Espainiak, egin dituen aurreikuspenen arabera.

Proiektuak ez du guztien oniritzia jaso. Espainiako Ekologistak Martxan taldeko kide Ladislao Martinezek ez du uste egokia denik biltegiaz mintzatzea zentralak ixteko egutegi bat ez dagoen bitartean. «Arazoa luzatu besterik ez dugu lortzen, bestela».

Biltegia hartuko duen herriak 12 milioi euro jasoko du, hau da, Enresak zentralak dituzten herriei ematen dien kopuru bera. Oraingoz, informazioa eskatu besterik ez dute egin Lantaronek eta Gobiaranek.

Kimikoak, termikoak eta nuklearrak

ERREDAKZIOA

Iruñea

Lantaronen eta Gobiaranen ederki dakite herritarrek zentral nuklear batetik gertu bizitzea zer den. 1971. urteaz geroztik dute Garoñakoa kilometro gutxira. Lantaronen, gainera, bost enpresa kimiko badituzte, eta, egun, ziklo konbinatuko zentral termikoa jartzeko proiektua dago mahai gainean.

1950. urtean zabaldu zuten Lantaronen lehendabiziko enpresa kimikoa, General Quimica izenekoa alegia. Miranda de Ebron osatzen ari zen errepide lotunea eta Ebro ibaiak eskaintzen zituen aukerak baliatu zituen enpresa horrek, eta berdin haren ondotik Lantaron aukeratu zuten beste lau enpresek.

Azken boladan, zentral termikoa jartzeko aukera mamitzen ari da Gas Natural. Lantarongo industrialdean kokatzeko asmoa du, eta 800 megawatteko potentzia izanen luke. Enpresak 400 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten du proiektua aurrera atera ahal izateko.

EUSKO JAURLARITZA, ADOS. Eusko Jaurlaritzak hainbat aldiz ukatu du proiektu horretan parte-hartze zuzena duenik, baina onartu du egitasmo horrek bat egiten duela bere energia planarekin. Gainera, Gas Naturalek behar duen lur saila erosteko prozesuan parte hartzen ari da Eusko Jaurlaritza. 100.000 metro koadro inguru behar ditu enpresak. Halako azalera duen eremua lortzeko, Lantarongo industrialdeko zazpi lur sail erosi behar ditu, eta, jada haietako lau eskuratu ditu enpresak, 1,3 milioi euroren truke.

Orain arteko urratsak isilpean eta informaziorik eman gabe egin izana egotzi diote hainbat herritarrek Lantarongo Udalari. Orain, Espainiako Gobernuak egin nahi duen biltegi nuklearrari buruz informazioa eskatu du Lantaronek. Gai horri buruz ere herritarrek izanen dute zer erran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.