komuNIKABIDEAK

Arabako Errioxako euskarazko webgunea sortu dute

Lehen pausoak ematen ari da Errioxaldea.com. Eskualdeko euskaldunen informazio tresna izan nahi du, euskararen normalizazioari ekarpena egiteaz gain.

enekoitz esnaola
2013ko urtarrilaren 29a
12:54
Entzun

Arabako Errioxako euskaltzaleek beste pauso bat eman dute euskararen normalizazioan, Errioxaldea.com euskarazko webgunea sortuta. Informazio orokorreko ataria da, eta "gorpuzte" bidean dela esan dio BERRIA.INFOri Josu Olano sustatzaileetakoak (Bilar, 55 urte). Hurrengo asteetan joango dira eskualdeko udalei eta eragileei egitasmoaren berri ematen.

Arabako Errioxa herrialdea osatzen duten zazpi kuadrilla edo eskualdeetako bat da. Hamabost udalerri ditu: Bastida, Bilar, Ekora, Eltziego, Kripan, Guardia, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Mañueta, Moreda Araba, Navaridas, Oion, Samaniego eta Villabuena Araba. 11.000 biztanle pasa inguru bizi dira, eta haietatik mila bat dira euskaldunak eta beste mila bat ia-euskaldunak.

Eskualdean Arabako Errioxako Euskaltzaleak taldea eta Euskara Zerbitzua badira, Interneten bada txokorik euskarari buruzkorik, baina orain arte ez zuten informazio orokorreko ataririk. "Gure hizkuntzaren normalizazioari bultzada bat eman nahi diogu webgunearekin, eta euskaldunen informazio topagune ere izan nahi atariak", dio Olanok.

Arabako Errioxara asteburuak edo oporrak pasatzera Euskal Herriko beste leku batzuetatik ehunka eta ehunka euskaldun joaten dira, eta haientzako ere tresna da Errioxaldea.com, sustatzaileen arabera. Bastida, esate batera, mila biztanle pasatxotik zortzi edo bederatzi mila biztanle izatera iristen da udaran, eta haietako asko eta asko euskaldunak dira.

Iaz Bastidan bertan egin zuten Araba Euskaraz ikastolen aldeko jaia. "Erronka nagusietakoa da ikastolan lantzen dugun euskara formal hori informalagoa bilakatzea, kalean erabiltzen den seinale izango baita. Eta uste dut helburu hori lortuko dugula", zioen BERRIAn Bastidako ikastolako zuzendari Ketxu Bedialaunetak. Josu Olanok uste du Errioxaldea.com-ek ekarpenik egin dezakeela bide horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.