Arabako Errioxako gaixoei arreta emateko, aldi baterako ituna itxi dute Jaurlaritzak eta Errioxak

Erredazioa
Gasteiz
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Hiru hilabeteko gerturatze eta aldentzeen ostean, Eusko Jaurlaritzaren eta Errioxako Gobernuaren arteko gatazka bideratzen hasi da. Jaurlaritzako eta Errioxako osasun sailek aldi baterako akordioa erdietsi zuten atzo; horren arabera, Logroñoko erietxean artatzen hasiko dira, berriro, osasun arreta espezializatua behar duten Arabako Errioxako herritarrak; abenduaren 15etik aurrera jarriko da indarrean aldi baterako akordioa. Hitzarmenaren xehetasunak gaur goizean azalduko dituzte, Logroñon (Espainia), Rafael Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Jose Ignacio Nieto Errioxako Osasun arduradunak.

Gaur aurkeztuko duten akordioak aldi baterako izango du balioa; bitartean negoziazioak jarraituko du, administrazio baten zein bestearen osasun azpiegiturek, etorkizunean, herrialdeko bateko zein besteko herritarrei zer-nolako zerbitzuak emango dizkieten zehazteko. Atzo erdietsitako akordioak negoziazio hori irekitzen duela adierazi dute bi administrazioetako osasun arduradunek.

Aldi baterako akordioa atzo itxi bazuten ere, gaur goizean sinatuko dute bi aldeetako ordezkariek. Hitzarmena sinatuta, hiru hilabeteko tirabirak amaituko dira; denbora horretan, Arabako Errioxan bizi diren 10.000 herritar inguruk ezin izan dituzte osasun zerbitzu batzuk jaso, Logroñoko erietxeak ukatu egin dielako zerbitzua —urteetan eman izan duena, bestalde—. Errioxako Gobernuak ordaina eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari, Arabako Errioxako herritarrei ematen dien osasun zerbitzu horrengatik.

Nafarroako Gobernuarekin ere hitz egiten ari da Errioxako Gobernua, zerbitzu ematen dien nafarren arretari buruz. Oraingoz ez da akordiorik erdietsi, baina Cristina Ibarrola Nafarroako Osasun kontseilariak ziurtatu du eztabaida horrek ez diola eragiten mugako herrietako nafarren osasun arretari. Ibarrolak oroitarazi du bi gobernuak harremanetandaudela, eta azken helburua herritarrei gertuen dituzten osasun etxeetan arreta ematea dela.

Eusko Jaurlaritza beste erkidego batekin ere ari da hizketan: Gaztela eta Leongo Juntarekin (Espainia) koordinazioa estutzeko hitzarmen batean lan egiten ari dela jakinarazi zuen atzo. Trebiñuko eta Burgos iparraldeko herritarrei emandako zerbitzuetan historia klinikoak partekatzea eta koordinazioa hobetzea da itunaren helburua. «Historikoki» eman izan den zerbitzua dela eta orain arte arazorik ez dela izan nabarmendu dute bi administrazioek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.